Tasio Erkizia
Ezker abertzaleko militantea

Mobilizazioak, zertarako?

Herritar askok horixe dio: zertarako joan manifetara? Lanorduak eta denbora galtzea da. Ez dute ezertarako balio. Arazoak daudela? Bai, noski, baina horiek konpontzeko hor daude aukeratutako ordezkariak. Gobernuen jarrerak aldatzeko mobilizazioek ez dute eraginik. Politikariei berdin zaie mila edo hamar mila manifestatzea; horrek min gutxi egiten die. Krisia? Zer egingo diogu, joango dira gauzak konpontzen. Ezin dugu ezer egin. Presoak? Barkamena eska  dezatela eta askatuko dituzte. Batzuentzat manifestazio guztiak soberan daude eta beste batzuentzat alderdi egunean mobilizatzea nahiko da.

Eta guretzat, zein da mobilizazioen helburua? Zertarako balio dute? Aitortu behar dut, aspaldion, elkarretaratze askotan deseroso sentitzen naizela. Disimulatu ezin dudan ezinegona sentitzen dut. Langileriaren aurkako eskubideen murrizketa basatiak salatzeko bildu arren, badirudi denbora-pasan goazela, lasai eta elkarrekin berbetan. Horrelakoetan, kartzelako presoen jipoiak, senitartekoen azken istripuak edo dispertsioak eta preso gaixoen egoerak sortzen digun mina eta haserrea indarrez adierazi beharrean, ibilbidean edo kontzentrazioan etengabeko kalakan ari bagara... zertan ari gara? Manifa, borroka molde gisara erabili beharrean, ohitura arrunt gisara erabiltzen badugu, balioa kentzen diogu. Herritarrak aktibatzeko ez badute balio, zertarako balio dute?

Zer proposatzen dudan? Ez, noski, etxean gelditzea. Ez, noski, gure kaleetatik desagertzea. Baina bai jarrera aldatzea. Manifestazioetan eta kontzentrazioetan beste era bateko intentsitatea erakustea beharrezkoa da. Manifestazio batzuk ludikoak izan daitezke, eta oso egokiak dira herritar ugari erakartzeko; beste batzuk isilak, eta beraien helburua bete dezakete. Baina aldarrikatzeko badira, egin ditzagun gauzak serio eta taxuz. Eta ez ditzagun nahastu molde ezberdinak, azken finean denak berdinak egiteko. Garaiak aldatu dira, baina guk ia molde berdinekin jarraitzen dugu. Zergatik gai honen inguruan ez ditugu hautsak harrotzen.

Aunitz gara astean hainbat manifestazio edo kontzentraziotara goazenak. Dena da beharrezkoa. Baina ondo eta txukun antolatu behar ditugu. Parte hartzen dugunon jarrera pasiboak laguntzen digu? Esfortzua berez ez da askatzailea, edozein kontzentrazio eta manifestazio ez den bezala. Horregatik diot gure artean hausnarketa serioa bideratu behar dugula. Ez esfortzua gutxitzeko edo alferkerian jausteko. Garai berrietan borroka molde eraginkorragoak asmatzeko eta gauzatzeko baizik. Zertarako antolatu behar ditugu mobilizazioak? Hauxe da funtsezko galdera.

Batetik, gure haserrea erakutsiz presioa egiteko. Zapaltzaile diren agintari ekonomiko zein politikoak jarrera aldatzera behartzeko. Eta horretarako borroka molde guztiak baliagarriak dira, muga bakarra guztion giza eskubideak errespetatzea izanik. Beraz, manifestazioen lehen helburua, edozein herritarren giza legezko eskubideak urratzen dituenak deseroso sentiaraztea da. Langileen, presoen, jubilatuen edo langabetu eta pobreen eskubideak urratzen dituzten enpresari zein politikariek herritarrak manifestatzen direnean beldurra eta lotsa sentitu behar dute. Eta jakina, horretarako manifestazio edo kontzentrazioetan indarra erakutsi behar dugu. Asko garela eta aldarrikatzen duguna sinisten dugula adierazi behar dugu.

Bestetik, mobilizazio era ezberdinen helburua herritarrak kontzientziatzea da, aldamenetik begira daudenak zein parte hartzaileak, noski. Sistema kapitalistaren jokoa injustizia ezkutatzea den bezala, gurea hori agerian jartzea da. Kapitalak eta inperioek herritarrak anestesiatu nahi gaituzten bitartean, gure erantzuna gizartea aktibatzea eta bere etorkizunaren protagonista bihurtzea da. Ekimen publikoen helburua gizartea erakartzea den bezala. Injustiziaren aurkako protesta ekitaldietan parte hartzera animatzea. Gizarte globalizatu honetan bankeroen eta multinazionalen txotxongiloak izan beharrean, denok amesten dugun gizarte berri horren eraikuntzan parte aktibo hartzea. Horregatik, manifestazioak ez dira herritarrak uxatzeko, ahalik eta gehien hurbiltzeko baizik. Zentzu honetan, biziki garrantzitsua da molde alaiak eta imajinatiboak erabiltzea.

Beste era bateko Euskal Herri askatua eta gizarte berria eraikitzea nahi dugunontzat, molde ezberdinetako protestak beharrezkoak dira. Langileria esklabotzan biziko litzateke eta Euskal Herria ez litzateke existituko gure arbasoen borroka eta lan eskerga gabe. Diruzaleek inoiz ez digute ezer oparitu. Aurrera irten diren bakarrak borroka egin dutenak izan dira.

Militantzia, eta gizartea oro har, aktibatu behar da. Eta horretarako, «manifestazio-paseoak» desagertu behar dira, ezer gutxirako balio dutelako. Ez du jenderik erakartzen eta ez du balio gizartea sentsibilizatzeko. Beraz, errotik alda dezagun mobilizazioetako jarrera pasibo eta «pasota». Garai berriek mobilizazio era ezberdinak, imajinatiboak, erakargarriak eta indarra erakusten dutenak asmatzea eskatzen digu. Gizartearen aktibazioa gugandik hasten da.

Bilatu