Aster Navas

Motozerraduna

Astelehena. Errekreo orduan, irakurtzen dudan dibulgazio-artikuluan, coach batek −Pablo Sonabia deritzona− gomendatzen dit, erabaki bat hartzerakoan, «sei hamarretakoen taula» aplikatzea. Pentsa ezazu, egitekotan zaudena eginez gero... zer gertatuko litzateke hamar minutura beranduago; eta hortik hamar egunera; eta hamar hilabete geroago; nola eragingo lizuken hamar urte barru; nola justifikatuko, azalduko zenuken hamarkada bat pasatu ostean. Gogoeta horrek, bere ustez, lagunduko dit erabat hautaketetan eta hautaketa horiei benetan dagokien garrantzia emango diet. Motoserrarena... Esate baterako nola kontatuko zenuke motoserrarena? Batez ere mobida horren hamar hile beranduxeago presidente izendatu bazaituzte.

Eguneroko menuan, barazki-kremaren edo menestraren alde egin aurretik, nire erabakia «sei hamarretako» probaren mende jarri dut. Menestra bazkalduz gero nola sentituko nintzatekeen hamar minutu, hamar ordu, hamar... geroxeago. Blokeatuta, makarroiak eskatu ditut. Baina, makarroiak janez gero... Ez, postrerik ez dut hartu.

Asteartea. Telebista-kate batean "Children of a lesser God" ikusi dut; bai, ziur oroitzen zaretela: gorrentzako ikastetxe batean garatzen zen 1986ko film luze hori. Gogoratzen nuen −egun hartan zinemara lagundu zidan nobiagatik ziur aski− pelikula gomendagarritzat. Zein gaizki eutsi dion denboraren joanari, hamarretako frogari. Gaurtik ikusita ez zait batere gustatu: azukre gehiegi, pertsonaiak erabat lauak. Ez dakit nola traizionatu nauen, gaituen horrela memoriak. Zer gertatuko da gure enbaxadorea Argentinatik erretiratu eta hamar egunera?

Asteazkena. Berriak gaur goizean irakurri ditudalarik galdetu diot nire buruari ea nola kontatuko dugun. Diot... ea nola kontatuko dugun, hemendik urte batzuetara, egiten, bizitzen, ari garen hau. Gaurkotasuna hain da iragankorra, hain aldakorra. Ea nola gogoratuko dugun, nola hitz egingo dugun zarata mediatikoaren garai honetaz. Ez dakit, azkenean ere, genozidio deituko diogun Gazako sarraskiari; agian oraindik ez. Egon behar du halako horror vacui bat, isiltasunaren beldur bat, zeinak azaltzen baitu albiste-amorru hori, neurrigabekeria hori, presa hori, hitzezko inkontinentzia hori; bokantza hori. «Relato»-arekin jarraitu behar da, nola edo hala. Ez, egia ez da garrantzitsua. Lehen, bai. −Voy con la verdad por delante −esaten genuen, eta horrek segurtasun ukaezina transmititzen zigun, konbentzimendu osoa aurrera jarraitzeko. −Egia da −esaten genuen xaloki behin betiko argudio gisa. Orain egia bere unerik txarrenetatik pasatzen dabil; egiari egia falta zaio. Egiari lirikari, «entretiempoari» bezala gertatu zaio. «Egitea» da garrantzitsuena; gero kontatuko dugu. Bertsio bat aurkituko dugu, arrazoi bat, motibo bat hori egin izateko; egia bat, edo, behintzat, hamar urte pasatzen utziz, egia-oste bat.

Osteguna. Batxilegoko 2. mailako ikasleon orlen banaketan, neure buruari galdetzen diot nola gogoratuko ditudan eskolako urte hauek; hau eta aurreko hezkuntza erreformak. Nola hitz egingo dudan lanbide honetaz. Datorren astean Palestinako estatua aintzatetsiko dugula iragarri dute. Herrialde gehiago batuko al dira hamar egun, hamar hilabete beranduago? Ahantzita neukan «Cachete con cachete», «Cachitos de hierro y cromo» telesaioan jarri dutena.

Ostirala. Hernán Casciariri elkarrizketa bat topatu dut YouTuben. Casciarik dio ez duela bere burua idazletzat hartzen, gezurti konpultsibotzat baizik. Haurtzarotik gezurretan hasi zela; hamar urte zituelarik, gezurrak eragiten zituen ondorioekin liluratuta, idazteari ekin zion. Mundu paraleloak, alternatiboak sortu zituela etengabe. Familiak, trebezi hori ikusita, legegizona izateko esan ziotela baina berak literaturako bidea hartu zuen. Hamar minutu, egun, urte geroxeago ez zela damutu.

Larunbata. Bariccoren "Seda" liburua −lagun bati mailegatu niona− berreskuratu dut. Irakurri nuen lehen aldia −garai hartan neukan adinagatik ziur aski− nobela bihurtu nahian ipuin harroputz bat baino ez zela iruditu zitzaidan. Zein ederki eutsi dion denboraren joanari. Gaurtik ikusita askoz gehiago gustatu zait. Ustekabe bat izan da: perpaus zehatzak, pertsonaiak erabat borobildurik, nola −esan beharrean− iradokitzen duen. Ez, ez dakit nola traizionatu nauen, gaituen memoriak hainbeste.

Igandea. Ez dakit nola gogoratuko duzun. Ez dakit nola gogoratuko duzun une honetan bukatzear zauden, artikuluxka, asterkari hau. Zer irudituko zaizun ergelkeri hau minutu batzuk barru; ezta «Hamarretako estrategia» abian jarriko ote duzun ere. Zelan kontatu Loco Míarena... ?

En fin.

Bilatu