Tasio Erkizia
Ezker Abertzaleko militantea

Non dago autoritatea?

Atzo, Herrirak Bilbon duen egoitzaren aurrean geundenean, galdera hori etorri zitzaidan behin eta berriro burura, bor-borka. Haserrea, amorrua, ezintasuna, zapalketa, herri baten okupazio-sentsazioa, atxiloturik zeramatzaten gizon-emakumeekiko... Korapilaturik zetozkidan sentimendu horien guztien gainetik, honakoa gailendu zitzaidan: Nork agintzen du hemen? Guardia zibilak ote dira agintari gorenak? Armaz jositako poliziak agintzen ote du benetan? Ez ote dago inpunitate hau geldiaraziko eta deuseztatuko duen autoritaterik?

Izan ere, zer egin du Herrira mugimenduak, haren kideak horrela tratatuak izateko? Presoen giza eskubideen alde egin du. Mugimendu zabala izaten saiatu da. Egindako ‘delitu’ larriena, solidaritatea ere delitutzat jo nahi bada, presoekiko elkartasuna piztea eta sostengatzea izan da. Non dago autoritatea eskubide horiek babesteko? Ontzat eman behar ote da PNVko buruzagiak ez agertzea herritarrak babesteko prest? Goizeko hamarretatik iluntzeko zortziak arte, Bilboko erdigune zabala ‘okupatu’ dute guardia zibilek, baina han ez da agertu erakundeetako beste autoritaterik. Haiek, guardia zibilak, izan ziren kalearen jaun eta jabe.

Ondoren heldu dira, ustez autoritate diren zenbaiten adierazpenak. Dena den, gehienak isilik, txintik ere ez. Mintzatu direnak esan dute «ekintza kezkagarria» dela, balizko bake-prozesuan «atzerapauso nabarmena», «zio politikoa duten atxiloketak eta jazarpena» direla... baina, adierazpen epel horietatik at, herritarrok babesik gabe jarraitzen dugu. Gasteizko Gobernuko inori ez diogu entzun: «Gehiegikeria hauei STOP esan behar diegu». Inor ez da ausartu esatera: «Ez dugu onartuko Guardia Zibilak gure politikagintza baldintzatzerik». Eta askoz larriagoa dena, Erkoreka eleduna entzun ondoren, pentsatu behar ote dugu tamainako morrontza onartzen dutela? Nolanahi dela, atzoko egoeran Madrilgo Gobernua eta Guardia Zibila zorrotz kritikatzen ez ausartzea oso larria da, benetan, menpekotasunaren ispilu.

Halere, oraindik garaiz gaude. Agintari politikoek esku hartu behar dute. Ez du balio isiltzeak. Ezin da beste aldera begiratu. Ez erantzutea Espainiako Estatuaren politika makurra ontzat ematea da, babestea. Urkulluk askotan esan du, “lan isila” egiten ari dela presoen eskubideak errespetatuak izan daitezen, presoekiko politika ankerra alda dezaten. Ez dut pentsatu nahi atzokoak direnik lan isilaren fruituak. Inork gaizki pentsa ez dezan, ez ote duzu aitzindaritza hartu eta herria martxan jartzeko ordua? ‘Lan isilak’ emaitza onik ez badakar, ez ote dugu gaitasunik indarrak bildu eta herri gisara erantzuteko? Urkullu jauna, aukera ezin hobea duzu. Oraingo bidetik segituz, barkatu esatea, politika honen kolaboratzaile zuzena izango zara.

Zeren, hau ez da sigla edo pentsakera politiko baten aurkako operazioa, oinarrizko Giza eskubideen aurkakoa baizik. PNVren zuzendaritzaren esku dauden komunikabideek beste medio espainol batzuek bezala desitxuratzen jarraitu arren, erasoa Euskal Herri aske baten alde dauden guztien aurka doa. Herri osoaren etorkizuna baldintzatu nahirik egindako ekimena izan da hau; ez da gaizkileen aurkako iniziatiba, Euskal Herriaren oraina eta geroa desbideratzeko pentsatutako jazarpena baizik. Arrazoien faltan, indar-erakustaldi argia; benetan nork agintzen duen erakusteko modua. Konstituzioaren zortzigarren artikulua praktikan jartzea. Arrazoi eta eskubide demokratiko guztien gainetik, indarra erabiltzeko prest daudenen mezua.

Bortxakeria honen aurrean autoritatea erakusteko ordua da. Bistan da, agintariek oso esparru mugatua dutela gure lur honetan, zeren, lurralde menperatua izanik, halabeharrezko morrontza sufritzen baitute. Baina jakin badakigu, herri honetan badugula inposatu nahi dizkiguten morrontza guztien gainetik pasatzeko eta ukazio guztiei aurre egiteko gaitasuna; baita kemena ere. Agintari guztiek dute egoera lideratzeko aukera. Inor ez dago soberan, denok gara beharrezkoak. Une larri eta bidegurutze garrantzitsu honetan, hitzetatik harago, irmotasuna eta duintasuna erakusteko unea heldu da.

Herri osoaren arazoa da, herritar guztien eskubideak izan baitira urratuak. Guztiok dugu zer irabazia, baita zer galdua ere. Gure esperantza osoa, urteak joan urteak etorri, Euskal Herriak erakutsi duen indarra da; ondorioz, herriaren haserrea eta, aldi berean, kemena antolatu behar ditugu. Herrira mugimenduak erakutsi duen zabaltasuna areagotuz, olatu kolosala bermatzen joan behar dugu. Lehenik, larunbatera begira, ahalik eta jende gehien mobilizatuz, eta jarraian, herri-olatu emankorra antolatuz, modu iraunkorrean.

Bukatzeko, besarkada beroa atxilotu guztiei. Animo, tantaz-tanta olatu erraldoia osatuko dugu!!!

Bilatu