Aster Navas

Ogibideak

Adierazgarria da −oso− hizkuntza erromantze gehienek (travailler, traballar, treballar, trabalhar) latineko etimo beretik tira egin izana ogibidea −ogia lortzeko egiten duguna−, lanbidea izendatzeko. «Tripalium» hitzetik abiatzen dira; jatorrian animaliak ferratzeko edo markatzeko erabiltzen zen tramankulua eta gero jendea torturatzeko oinaze-zaldi bihurtu zena. Benjamin Veschik, etimologia.com webgunean, oso ondo azaltzen du tormentu hori zertan zetzan, eta bere konnotazio-balioa: «tripaliare».

Deigarria da nekazaritza-munduan (laboratzea), zientifikoan, (laborategian), akademikoan (elaboratzen) edo bizitza monastikoan (ora et labora), «laborare» sustraia nahiago izan genuela.
Adierazgarria da baita ere −oso− euskarazko «landu», aditu batzuen arabera, latineko «planctum» (llanto) hitzetik etortzea. Bitxia da ingelesek Bibliako Job pertsonaia jasankorraren izena erabiltzea lana izendatzeko: Jobek hamaika ezbehar jasaten ditu. Bestalde, «work» hitza protogermanikotik −«werka»− dator («esfortzua»). Laburbilduz, kultura gehienetan lana zigor gisa ulertzen dugu, sufrimendutzat; estiratzat.

Lanera bueltatzekotan gauden data hauetan gogoeta hauek eta beste batzuk sortu zaizkit; nik ere izan dut oporren osteko sindromea; egun, gau batzuk behar izan ditut nire «tripalium»-ari, nire «lanari», zentzuren bat aurkitzeko. Ez legoke batere gaizki jakitea zer ekartzen digun gure lanak, zein neurritan aberasten edo astotzen gaituen; ea duina den, ea definitzen gaituen; zenbateraino deskribatzen gaituen lanbide gisa gure izenaren azpian agertzen den termino horrek.

Gai hau Isaac Rosaren narrazioek eta eleberriek ederki islatzen dute. Bere “Tiza roja”-ko ipuinei esker, edo “La mano invisible” bezalako eleberriei esker –David Macianek zinemara eramana–, hobeto ulertzen dugu zer den lan-prekarizazioa eta zer dakarkigun horrek. Protagonistek harreman toxikoa dute egiten dutenarekin, egitera behartzen dituztenarekin. «Ofizioa», ogibidea, nortasun eta zentzu bat ematen ziena, disfrutatu ere egiten zutena, labirinto bihurtzen da. Bereziki hunkitzen gaituzte igeltseroaren burutazioei emandako orriek: inoiz ez dugu pentsatzen bizi garen eraikina altxatu dutenengan, pareta egin dutenengan, egurats gorrian; nori zor dizkiegu zoriontsuak garen espazioak, gure seme-alabak sortzen ditugun guneak, makarroiak prestatzen ditugun edo hil ere egiten garen metro karratu horiek.

Gure lanbideetan bizi ditugun sentimenduak ere agertzen dira −“Lugar seguro” edo “El pais del miedo”− Rosaren narrazioetan. Konplizitatea, baina beldurra ere bai. Konfiantza eta alienazioa.

Isaacen literaturarekin Jose Antonio Gonzalezen izena datorkit gogora, bero-kolpe baten ondorioz Vallecasen hildako kale-garbitzailea; betiereko bitartekotasunak, enplegu publikorik ez sortzeko Administrazioaren azpikontratazioak, eta abar. Ezkutuko ekonomia, autonomo faltsuak, bizikletako banatzaile akituak; esklabotza mota berriak.

Ez, ez legoke batere gaizki data hauetan pentsatzea ogia lortzeko egiten dugun horrek ea garatzen edo kirtentzen gaituen; ea duina den, ea definitzen gaituen; noraino deskribatzen gaituen gure izenaren azpian agertzen den termino horrek. Ea bizia ematen edo kentzen digun.

En fin.

Bilatu