Aitor Montes Lasarte
Familia-medikua Osakidetzan

Osakidetzako itxaron zerrendak eta emakumeak

Medikua naizenez, jakin nahi nuke emakumeek gizonek baino gehiago itxaron behar duten edo ez. Eta nahi nuke datu horiek publikoak izatea.

Osasungintzan, kalitatearen hainbat definizio zein deskribapen aurki daitezke, baina Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) erabiltzen duen definizioan, ikuspegi sistemiko batekin sei irizpidetan banatzen da: efektibitatea, efizientzia, iriskortasuna, onargarritasuna, ekitatea eta segurtasuna. Bakoitzak besteei eragiten die, eta denak daude elkarri hertsiki lotuak.

Iriskortasuna zerbitzua denbora eta leku egokietan eskaintzea litzateke; hots, behar diren giza zein baliabide teknikoak eskaintzea leku aproposetan eta dagokion denboran. Hain garrantzitsua da, ezen legedian ere jasotzen den. EAEko 65/2006 Dekretuak adibidez, prozedura kirurgiko programatuetara eta urgenteak ez direnetara iristeko gehienezko epeak ezartzen ditu, zeinek ezin duten 30 egunetik gorakoak izan kirurgia onkologikoen kasuan, ez 90 egunetik gorakoak bihotzeko kirurgiari dagokionez, ezta 180 egunetik gorakoak ere, beste ebakuntzen kasuan. Bistan da itxaronaldia, iriskortasunaren atalik garrantzitsuenetarikoa, ohiko kalitate-parametroetan txertatuta dagoela eta lehentasuna ematen zaiola osasun-erakundeen kudeaketan. Izan ere, pazienteen erreklamazio edo kexen %30 itxaron-zerrendengatik izan ohi da. Baina behar bezala ebaluatzen da?

Itxaron-zerrendak zerbitzu-unitateetako espezialitateen arabera ebaluatzen dira. Esan gabe doa oso garrantzitsua dela hori, jakin dezagun non antzeman daitezkeen hutsuneak. Premiak non, baliabideak hara. Baina medikuntza eta, oro har, osasun arreta, ez litzateke espezialitateetan ardaztu behar, pertsonengan baizik. Horixe baita gure helburua: pertsonak artatzea, ez gaixotasunak. Eta badira osasuna erabat baldintzatzen duten aldagai sozialak, hala nola generoa, sexua, klase soziala, bizitokia, lan-baldintzak, jatorria, etnia eta hizkuntza.

Generoa gakoa da gizarte matxista batean sorturiko edozein osasun sisteman. Ezagutzen dut giltzurrun-kolikoak jota egon zen pazientea, zeinari ziztu bizian egin zioten litotrizia Galdakao-Usansoloko ospitalean. Esker onez gogoratzen du gaixoak, nola ez ba. Ez dago esan beharrik paziente hori gizona dela, artatu zuen medikua legez. Nekez topatuko duzue emakume bat gizonen artean hain arreta goiztiarra jasoko duenik. Ez dut aipatuko, esaterako, sareetan ikusi dugun kasu aipagarri hori. Bai lagun batena, emakumea noski, zeinari antsietatea zeukala esaten zioten hainbat aldiz, azkenean urdaileko minbizi hedatua topatu zioten arte. Beranduegi: minbiziak hil zuen. Ez dezagun geure burua engainatu: Osakidetzan botere-harremanak daude (profesional eta pazienteen artean), hierarkiak (profesionalen artean) eta sozializazio-prozesuak (bai erabiltzaileentzat bai langileentzat). Idatzirik ez baina indarrean dauden arau sozialek agintzen dute eta horrenbestez aurreiritziak, estereotipoak, arrazismoa, klasismoa, hizkuntzakeria (mediku euskalduna ala mediku ona?) nagusi dira. Baita matxismoa ere.

Atera kontuak eta hausnartu, mesedez. Galdakao-Usansoloko ospitalean egin nuen espezialitatea duela hogei urte, eta orain langile gehienak, baita medikuak ere, emakumeak dira. Langileak, baina ez zuzendari edo zerbitzu-buruak: kudeaketa-klinikoko zuzendaria, zuzendari kudeatzailea, zuzendari medikoa, urgentzietako burua, urologiako burua… gizonezkoak dira. Osasun kontuak serioak dira eta antza, zentzuz jokatu behar da.

Baina goazen harira. Zer zerikusi dauka emakume izateak itxaron-zerrendekin? Horixe, ez dauka inolako zerikusirik ez delako aztertu, edo ez delako ikusi nahi. Esan bezala, itxaron-zerrendak espezialitatearen arabera aztertzen dira (eskertzekoa), baina ez da lagina behar bezala jorratzen: generoa, sexua, kokapena, maila soziala... Eta medikua naizenez, jakin nahi nuke emakumeek gizonek baino gehiago itxaron behar duten edo ez. Eta nahi nuke datu horiek publikoak izatea, baita Gasteizko Legebiltzarrean horren berri izatea ere. Ez naiz atzokoa, baina. Eta medikua naiz. Jakin badakit diagnostikoak alda daitezkeela (neronek ere aldatzen ditut, noski). Esan diezagukete «urdaileko minbizia» duten emakumeek ez dutela gizonek baino gehiago itxaron behar artatuak izateko. Ez digute esango beharbada «antsietatea» izan zela jatorrizko ustezko diagnostikoa, edo «ondoeza», eta handik hilabete batzuetara minbizia diagnostikatu zitzaiela, beharbada urdaileko minbizia duen gizon prestuei baino apur bat beranduago.

Amaitzeko, kuriositate bat jakinarazi nahiko nieke honaino heldu diren irakurle apurrei, emakumeei batez ere. Medikuntza ikaslea nintzen garaian, nire ikaskideek (horietako askok familia oneko erdaldun hutsak, eskola pribatuetatik etorriak) futbol talde bat antolatu zuten, «Ovafat» izenekoa. Os vamos a follar a todas, hain zuzen ere. Gaur egun espezialistak dira, edo zerbitzu-buruak. Zuen itxaron-zerrendak kudeatzen dituzten horiek. Ni ez naiz feminista, ezin izan, garaiko gizartean jaio eta hazitako gizona bainaiz. Nik osasun arreta euskaraz defendatzen dut batez ere. Baina nago borroka horretan ere, emakumeek lagunduko didatela. Aztertu dezagun zorrotz eta zurruntasunez emakumeei ematen zaien arreta; azter ditzagun itxaron-zerrendak generoaren ikuspegitik.

Bilatu