Jose Luis Erdozia Mauleon
Etxarri Aranatz

Panplona, izen euskalduna?

Eta Bamblona/Pamplona amildegi onaren beheko aldean zegoen toponimoa bazen, amildegira bertara iritsi baino lehenagokoa, goikoa, aldiz, Iruña litzateke

Iberiar Penintsulan inoiz egon ez zen Estrabon geografo greziarraren burutazioari egiten zaio men orokorrean, Nafarroako hiri nagusiaren ustez erdalduna den izenaren jatorria azaltzeko: «Pompelon, como quien dice la ciudad de Pompeio». Udalaren web orrian ere, gauza bera esaten da, Ponpeio K.a. 75. urtean bertara iritsi eta hiria sortu zuela. Eta, ondoren, modu ezberdinetan agertu da bere izena mendeetan zehar: Pompejopolis, Pompaelo, Pampilona…

Zabalduen dagoen teoria honen arabera, izen zaharrak, Iruña, eta berriak, Pamplona, iraun dute azken bi mila urteetan toki berbera izendatzeko.

Nik, ordea, Goitia ingeniari eta geografo bizkaitarraren proposamena egokiago edo, gutxienik, ulergarriago sumatzen dut. Honek, ‘anbel/anbil’ (amildegi) izenean ikusten du hiriaren izenaren jatorria eta honen kokapena ezagututa, horixe pentsatzera darama (ez dira parrandazale bat edo bi soilik izan Sanferminetan bertako harresitik amildu direnak).

Eta aipatu izenetik abiatuta, toponimoaren osagaien bilakabidea hauxe izan daitekeela iruditzen zait: be(he) + anbil + on + -a ? *beanbilona  *banbilona (panpilona)  banblona (sinkopa)  panplona (ezpainkarien txandaketa).

Bilakabideko azken aurreko urratsa dokumentaturik ageri zaigu Jose A. Conde-ren 1799ko liburuan (Descripcion de España de Xerif Aledris conocido por el Nubiense): «…y de Hisn-Castila á Hisn-Mont-Larina un día; y de él á Medina Bamblona un día; y de Bamblona á Medina Biona sobre la costa del mar dos días…» (Lizarratik Garesera egun bat; hortik Panplonara egun bat; eta Panplonatik Baionara bi egun).

Amildegi ona, orduan, bertan zerbait amiltzeak onurak badakartza, Ipar Amerikan bisonteekin eragindako amiltzeen antzera (Bison Cliff Over).

Honela izanik, izen bereko toponimo gehiago ezagutu beharko genituzke eta hala da. Goitiak “Salinas de Pamplona” Nafarroan eta beste bi Aragonen (Epila eta Muel inguruan) aipatzen ditu. Nik ondorengoak Uharte Arakilen, Aralarren hegoaldeko magalean: Pamplonagain, Pamplonagañeko treguarria-harratea-zokoa. Eta, ez, ez da bertatik hiriburua ikusten, toponimia ofizialean iradokitzen den bezala, Amildegia dago bere azpialdean, eta begibistakoa bertan animalia saldoak izutu eta amiltzeko eremu honen egokiera. Bereziki adierazkorrak toponimoaren osagaiak: b(ehe)-anb(i)l-ona (ez da bera soilik agertzen, generiko moduan erabiliko zutelako) eta gain (aipatu generikoaren gainaldea, zelaitsua, egokia animaliak xaxatu eta amiltzeko).

Eta, bistan da, toponimoaren osagaiek bilakabidea izan dutela horixe idazteko garaian: Corona Baratech historialariak (1947), 42 aldiz dokumentaturik jaso zuen Pampilona (bilakabideko 2. urratsa) 1024-1125 bitartean eta baita Pomplona 9 aldiz 1238tik aurrera; Lorenzo Jiménez-ek (2018) Bambalüna 114 aldiz dokumentatua dauka; eta Monteano Sorbetek (2019, 121) honelaxe ere azken izena: «[Hacia 940] Relato contenido en el libro ‘Kitab ar-Rawd ar Mitar’. Bambalüna [Pamplona-Iruña]. Ciudad de al-Andalus, a ciento veinticinco millas de Zaragoza. Alli estaba la capital de Garcia, hijo de Sancho, en el año 330».

Eta Bamblona/Pamplona amildegi onaren beheko aldean zegoen toponimoa bazen, amildegira bertara iritsi baino lehenagokoa, goikoa, aldiz, Iruña litzateke. Hiru «oin» (Goitiak «triple muela», ña, «corte, muela»), alde edo aurpegi (ipar, ekialde, mendebalde) dituen amildegi baten aurrean geundeke, beranduagoko harresiak erakusten duenez.

Egungo historialari askok ukatu egiten du jeneral erromatarra Iruñan bertan egon zenik eta, bestela ere, sinesgarria da orain arte kontatu digutena? Hau da, Iruña kastro zaharraren gainean, Pompeiok «Pompaelo» eraiki, egun batzuen buruan alde egin eta bi mila urteren bueltan bi izenek iraun toki bera adierazteko? Azalpen eta bilakabide logikoagoa iruditzen zait anbil/anbel osagaiduna, zalantzarik gabe. Panplona, amildegiaren beheko aldean (Errotxapea, Txantrea) eta Iruña, berriz, goiko aldean. Horrela errazago ulertzen da bi izenek iraun izana.

Bilatu