Aster Navas

Pertsona eta pertsonaia

Astelehena. «Te diría Sara Mago», dio “Atrápame si puedes” telesaioko parte-hartzaile batek. Sareetan astakeriatzat baino ikusi ez bada ere, lehiakide horren erantzuna aho kolpe bakar batez lortzen duen idazle portugaldarraren metamorfosia jeniala da. Badirudi zalantzatan zebilela, baina bihotzak Sara Mago zela erantzun zuzena esaten zion. Eta ez, ez zen erratu; egundoko asmatzea izan da.

Asteartea. Noizean behin galdetzen diot neure buruari nola sentituko diren pertsonaiak haien istorioa irakurtzen dugunean; edo, buelta emanik, zer sentiarazten diegun. Ez dakit beraiek sumatuko, nabarituko gaituzten; entzungo gaituzten. Agian gure presentziaz jabetuko dira, behatuak sentituko dira. Horregatik ireki dut gaur liburua kontu handiagoz, besteren etxe batean sartuko banintz bezala, eta oin-puntetako tramaren pasabidetik aurrera egin dut, hotsik ez ateratzen saiatuz, atzo gelditu nintzen paragraforaino pixkanaka-pixkanaka gerturatzen. Heltzear nengoenean, zoruan ikusi ez dudan izenordain pertsonal batekin estropezu egin dut eta erortzekotan egon naiz; eskerrak eleberri labur honen −“Bilduma ikusezina”, S. Zweig-ena− protagonista itsua den... Ate baten atzean ezkutaturik geratu naiz nire bihotza eta narrazioak beraien ohiko erritmoa berreskuratzen zihoazela nabaritu arte.

Asteazkena. Kolpeka eta ankerki erail ditzakezu hiru pertsona, baina hezibidea, formak ezin dira inoiz galdu. «Buenas, soy el asesino de los tres hermanos de Morata de Tajuña». Halaxe aurkeztu omen zien bere burua Dilawar Hussain Fazalek Guardia Zibilei. Dilawar −berak ez badaki ere− bere liburuaren bila dabilen pertsonaia bat da. Morata txikiegi geratu zaio; beste lurralde bat behar du.
 
Osteguna. «Si no guardáis silencio suspenderemos la actuación», esan zuen Bernarda Albarena egiten zuenak. Hasieratik, Campos Eliseosen antzezlana egiteko girorik ez zegoela argi zegoen. Nerabe horien portaera jasanezina zen eta aktoreak beraiei begiratuz mehatxu egin zien. Ikusleok ez genuen hainbeste espero; pertsonaia pertsona bihurtu eta segundo batzuk geroago pertsona izateari utzi berriz pertsonaia bilakatzeko... Nikki Haleyk ondo defendatu du bere pertsonaia New Hampshireko primarietan.

Ostirala. Trailerra baino ez dut ikusi. Jon Arretxeren pertsonaiak liburutik telebistara salto egin du. Agian, ordutik, Bilbao La Viejako gune bat baino gehiagotan paperezko Tourek bere holograma, Malcolm Treviñok antzezturik, topatuko du.

Larunbata. Metroko bidaiari bati erreparatu diot, zalantzarik gabe idazle baten irudimenetik ihes egindako pertsonaia baita. Norbaitek gaizki itxi du liburua edo ebook-a, eta emakume izutu horrek mundu paralelo honetara egin du salto. Disimulatzen saiatzen da, baina argi dago lekuz kanpo dagoela. Daukan aukera bakarra beste epub edo pdf batean sartzea da; berme askorik gabe, beste fikziozko txirrista batetik irristatzea; bai geraleku baten nahasmena, eguerdian jendez jositako bagoi bat aprobetxatuz. Auskalo, lortu ezkero, zer-nolako harrera egingo dioten... Page eta Puente; Puente eta Page; Page eta Montero. Pagek dioenez, PSOEk Konstituziora bueltatzeko beharra dauka momentu honetan, kanpoan dago eta.
 
Igandea. Gaur egunez ikusi ahal izan dugu ilargia. Googlen saltseatuz enteratu naiz noizean behin gertatzen den orbita-juntagailu baten ondorio dela. Eguzkiari, ordea, askoz formalagoa bera, ez litzaioke inoiz bururatuko gauez ateratzea. Ilargiak festa eta gaupasa gustuko ditu; sarritan etxetik eta ordutik kanpo esnatzen da. Zelango pertsonaia.

Oheratzean mesanotxean daukan kindle-a ongi amatatzeko eskatu diot emazteari. «Ustekabeak ekiditeko; inoiz ez da jakiten noiz...», esan diot suspense tonua erabiliz.

«Me preocupas», erantzun dit.

En fin.

Bilatu