Petrolioaren ondorengo gizartearen alde
Kontsulta eta herri adierazpena aldarrikatzen den garai hauetan beste hainbat prozesu interesgarri eta kezkagarri gertatzen ari dira munduan, Ekuadorren hain zuzen. Herri horretan herri partaidetza eta mobilizaziorako ohitura luzea daukate eta horri ekiten diote. 1996tik 2006ra, hamar urtetan, Rafael Correak lehendakaritza eskuratu arte, Ekuadorreko herriak, mobilizazio bidez, lau presidente kendu zituen eta petrolio arloko eta bestelako konpainiak kanporatzea lortu zuen.
Hori esanda, eta Correak boterean 8. urtea daramanez, badirudi honek herriarekin bat egin duela, baina azken gertaerak eta gero, hori zalantzan dago berriro.
Correak ezkerreko koalizio baten hautagaia izan zen eta koalizio horrek aldarrikapen batzuk zeuzkan eta egitura bat horiek burutzeko. Konstituzio Asanblada batean oinarritzen zen eta honen bidez helburu batzuk zeuzkan, horien artean Zor Auditoria bat eratzea edo Amazoniako Yasuni eremuan ez ustiatzeko proposamena. Egitasmo horiek koalizioa herri mugimenduekin zuen loturaren isla izan da. Baina behin boterean, etengabeko tirabira izan da, ustiapen interes handiak direlako eta baliabide asko dauzkalako Ekuadorrek, petrolioa ez ezik, mineralak ere bai. Meatzaritza gutxi garatuta dago, eta Correaren helburua bultzatzea izan da («meatzaritza arduratsua» deitzen dio berak) eta ekologistekin eta bertako herriekin gatazkak sortu ditu; handiena 2007an Azuay probintzian, eta Itag-en, 2012an areagotuak Gobernuak ustiapen baimena berritu zuenean .
2007. urtetik horrela dabil Correa, ekologistei «infantilak» deitzen. 2008an horri «indigenismo infantila» gehitu zion. Gero bere eraso ideologikoari gehitu zizkion Accion Ecologica-Ecuador-en egoitza ixtea 2009an eta Fundacion Pachamamarena, pasa den abenduan (2013).
Besteak beste, Amazoniako Yasuni da Ekuadorreko Amazonia osoan egitasmo honen bidez ustiatu gabe dagoen petrolio eremu bakarra da. Berriz, hauxe da Ekuadorren petrolio gehiena daukana eta enpresa askok daude haien atzean. Bitartean, Yasuni da munduko bioaniztasun aberetsenetarikoa duen lekua, pleistozenoko izotzak kaltetu gabekoak, Amazoniako oihana eta «zibilizazioarekin» harremanik gabeko herrien gotorlekua (Tagaeri eta Taromenane). Zer esanik ez, Ekuadorreko Konstituzioa babesten duen horrelako eremua (Parkea) dugu ere, baina hemen beste proiektu batzuekin (Itoitz, AHT) gertatu zen bezala, badakigu horrek zer balio daukan estatuak «nazio interesa» bilatzen duenean.
Yasuni ITT egitasmoaren helburua zen Yasuniren lurpeko petrolio horren truke zegokion dirua lortzea mundu mailan eta horrela aldaketa klimatiko eta bioaniztasuna babesteko hain garrantzitsua den eremu hau babestea. Diru hori lortzea ez da burutu. Espainiako Estatuak, adibidez, krisialdia erabili zuen aitzakia ez ordaintzeko.
Pasa den abuztuan iragarri zuen Correak Yasuni ustiatzeko lehia irekiko zuela. Honek (berriro ere) herriaren erreakzioa eragin zuen, eta protestak hasi ziren, abuztuaren 16an errepresio bortitza jazoz. Orduan bota zuen Correak Yasuniren aldeko aldarrikapenak benetan babesa bazeukan, hori sinaduren bidez-edo erakutsi behar zutela.
Horrela egin zuten. Azken hilabeteotan, sinadura horiek (600.000) propioki jasotzeko ehunka pertsona mobilizatu da. Orain hemen haustura hidraulikoaren aurka ari garen bezala EHL bat lortzeko, biak baitira petrolioren urritasunaren eragina. Pasa den apirilaren 12an eraman zituzten sinadura horiek, karabana bat osatuz. Egun horretan, abuztuan bezala, mundu mailan mobilizatzera deitu zuten eta horrela egin genuen Bilbon ere kontsulatuan... eta haren bidez Correari eskatzen genion Yasuni ez ustiatzeko, baita kontsulta prozedura bermatzeko ere, aurretik jaso genuelako irregulartasunak gertatu zirela. (Euskaraz ere eman genien, eta «zertarako» galdetu ziguten, kontsulak ez baitzuen ulertzen. Argi dago aldarrikapen hau ingurumen arlokoa ez ezik, kultura eskubideena ere badela, eta hemen bezala, hango bertakoak errespetatzeko).
Susmoak gauzatu ziren, apirilaren 17an, sinadurak utzi eta gero, ekintzaileak eserialdi bat burutu zuten, sinadurak zeuden kutxak beste leku batera eraman behar zituzten. Esan behar da aurretik komunikabideetan Correak eta Hauteskunde Batzordeak esan zutela sinadurak jaso zituztenek ez zutela baimenik eta haien nortasun agiriak falta zirela. Gero 200.000 sinadura deuseztatu nahi zituzten, epea bete ez zutelako, eta, bukatzeko, egiaztatzeko eskubidea ez zen onartu. Eserialdian zeudela, Polizia borraka hasi zen. Apirilaren 30ean Hauteskunde Batzordeak 257.601 sinadura deuseztatu zituen (lortutakoen %34).
Berriro ere, hemen bezala, sasi-demokrazia honen benetako irudia daukagu (gogoratu hemen Gobernuak AHTren kontsultak oztopatu zituela, Muskizeko Petronorren aurkakoa, Zornotzan Boroako zentralari buruzko kontsultek jasotako tratua!). Correa mugimendua deslegitimatzen saiatu zen, YASunidos bera oposiziokideek osatzen zutela esanez, Gobernuari kalte egin nahi ziotela, eta bakarrik haien %10 kezkatzen zirela benetan Yasunirengatik!
Ekuadorreko Gobernuari eskatzen diogu adierazpen askatasuna bermatzeko eta Yasuni eremuaren ustiapena ahazteko. Hemengo instituzioei eskatzen diegu ustiapen hau gerta ez dadin behar diren aurrerapausoak emateko, Yasuni ezinbestekoa delako guretzat ere eta petrolio menpekotasunari alternatibak bilatu behar dizkiogulako, Ekuadorren eskaintzen dituzten bezalakoak.
Ekuadorreko jendeari –oihana dirua baino nahiago dutela frogatzen dutela, errepresioaren aurka eusten ari direla–, zibilizazio ustel hau ukatzen duten herri horiei, gure elkartasuna bidaltzen diegu eta jakinarazten diegu hemen ere beren ahaleginak jarraitzen ari garela erne.