Joxe Iriarte, «Bikila»

Pradales, Ortuzar... a ze azala!

Pradalesen esanetan, EH Bilduren eredu sozioekonomikoak bat egiten du behiak «ahitu arte jeztearekin»; Jaurlaritzarenak, berriz, behiak «zaintzearekin, ondo elikatzearekin, erreproduzitzen uztearekin...» (Iosu Alberdi, "Berria", 2024ko urriaren 26a). Andoni Ortuzar EBBko presidenteak, berriz, esan du Madrilen ez dagoela ados energia konpainien gaineko zerga luzatzearekin: «Ez da hil behar urrezko arrautzak erruten dituen oiloa». Izan behiak, izan oiloak, metafora horien atzean EAJren iritzia oso garbia da fiskalitatearekiko. Ezin dira ukitu oligarkia energetikoaren mozkinak (ezta beste oligarkarenak ere), horrek kalte egingo ligukeelako.

Jakina, iritzi horren atzean oso garbi azaleratzen da (uste ekonomikoaz haratago) energia alorreko botere faktikoei dieten beldurra. Hori baita azken finean, ate birakarien bitartez oligarken interesen kudeatzaile bihurtu den Imazen alderdikideen mehatxua: «zerga populismoak» arriskuan jarriko du industria. «Milaka milioi euro beste herrialde batzuetara desbideratuko dira. Ez da lehenengo aldia mehatxu hori erabiltzen dutena, nahiz eta jakin hori gezurra dela.

Eta hori guztia, energiaren sektoreak (baita bankuenak, aurten iaz baino %20 gehiago irabazi dutenak, batez beste) inoiz baino irabazi handiagoak izan dituenean. Irabazi lizunak, kontuan izanik ze zailtasunak dituzten milaka herritarrek ekonomikoki hilabete bukaerara gaitasunez iristeko.

Hau da, Balore Merkatuaren Espainiako Batzordeari (CNMV) emandako informazioaren arabera, Ignacio Sanchez Galan buru duen konpainiak 2.760 milioi euroko irabazi garbiak izan zituen urtarriletik martxora bitartean, eta 1.485 milioi euro, aurreko ekitaldiko aldi berean. Urtea bukatzerako historian lehen aldiz 5.000 milioi euro baino gehiago irabaztea espero du.

Repsolek, berriz, 969 milioi euroko irabazi garbiak izan zituen lehen hiruhilekoan, aurreko martxoa ixtean zenbatutako 1.112 milioiak baino %13 gutxiago, Henry Hub gasaren kotizazioak, merkatu estatubatuar eta energetikoarentzat erreferentzia denak, eta fintzeko marjina txikienak izan zituelako.

Emaitza doitua, negozioen funtzionamendua espezifikoki neurtzen duena, 1.267 milioi eurokoa izan zen, %33 gutxiago, baina halaz ere negozio bikaina burutuz.

Orokorrean, elite kapitalistak inoizko mozkin, irabazi eta etekin handienak dituen garaiak dira. Datuak hor daude:

2020az geroztik, munduko bost gizon aberatsenen aberastasuna, batez beste, %114 handitu da, eta biztanleriaren %60 pobreenaren eskuetan dagoen aberastasuna, berriz, murriztu egin da hamarkada hasi zenetik.

Espainian, biztanleriaren %10 aberatsenak aberastasunaren erdia baino gehiago biltzen du, eta etxekoen unitate pobreenen %50 ozta-ozta iristen zen %8ra.
Izan ere, lan-errentek errenta nazionalean duten partaidetzaren jaitsiera 80ko hamarkadatik azkartu da, ekonomia garatuetan zein besteetan.

Oso modu nabarmenean, kapitalak lortu du gobernuak (neoliberal guztiak, baita guztiz neoliberal ez direnak ere) buru makur jartzea haren mesedetan. Trantsizio energetikoaren aitzakiarekin ere lortu dute zenbait proiektu berriztagarri omen direnek (baina ez direnak, benetan) laguntza publikoak izatea, publiko-pribatu lankidetzaren mesedetan, non sektore pribatuak ateratzen dituen etekinak eta publikoak jartzen diruak (gehienetan musu truk).

Hor dugu adibide garbia; hidrogeno berdeko bere proiektuetarako laguntzak jasotzen ari da Repsol. Uztailean Ministroen Kontseiluak 160 milioi euroko laguntza onartu zion Petronorri, 100 megawatteko elektrolizagailu bat ezartzeko. Teorian, horretarako inbertsioa izoztua du Repsolek, baina jada egin ditu laguntza onartzeko tramiteak. Beraz, badirudi oraingoz inbertsio hori aurrera doala, presioak presio (Irene Lasa, “Berria”, 2024ko urriaren 23a).

Horren atzean hau dago: oraindik batzuek jarraitzen dutela esaten kapitalaren mozkinen baitan –zenbat eta irabazi handiagoa kapitalak, orduan eta mesede handiagoa langileriaren errentarentzat– mesedetzen direla herritarrak; hori gezurra dela inoiz baino argiago egonik.

Ezkertiarrok, berriz, justu kontrako iritzia dugu. Dagoen aberastasuna, egun gutxi batzuen eskuetan metatzen dena, gutxienez birbanatu egin behar dela, eta hori fiskalitate progresiboaren bitartez egin behar da... indar produktibo nagusien publifikazioa edo nazionalizazioa lortzen ez den bitartean –sozialiston helburu estrategikoa horixe baita azken finean, eta errentaren birbanaketa, egungo gizarte kapitalistaren barruan justiziaren aldeko pausoak ematea litzateke–.
Arazoa edo gakoa ez baitago lotua soil-soilik behiak «zaintzearekin, ondo elikatzearekin, erreproduzitzen uztearekin...». Baita behiak eta ematen duten esnea zeinen mesedetan elikatzen dugun ere.

P.D. Energia konpainien gaineko zerga berezia bertan behera uztea adostu du Espainiako Gobernuak, EAJ eta Junts-ekin. Enpresek presio handia egin dute azken boladan eta «inbertsio estrategikoak arriskuan egon daitezkeela» mehatxu egin zuten. «Bukatu da arazoa», azaldu du Imazek harrotuta. Izan ere, euren sokako alderdien laguntzari esker lortu dute, beste behin, Espainiako Gobernua kikiltzea, menpeko bihurtzea, baina ez Euskal Herriaren interesekiko, kapitalarekiko baizik...


Gora eta gora Euskadi, aintza eta aintza bere goiko kapital nagusiari!

Bilatu