Beñat Sarralde Goitia

Teknologia, onartua eta normalizatua dagoen droga

Teknologiek gure bizitzak guztiz aldatu dituzte, batek daki nola biziko garen hamarkada batzuk barru.

Egungo gazteon bizimodua asko aldatu da duela hamarkada pare batzuekin alderatuz. Honetan eragiten duten faktore anitz daude, baina teknologia da horietako esanguratsuena edo nabarmenena.

Kalean buelta bat eman eta ia leku guztietan gazteak aurkitzen dituzu mugikorrari begira. Askotan nirekin talka egitear  egon dira ibiltzen noan bitartean. Askok zebra-bideak pantailatik begirada altxatu gabe gurutzatzen dituzte. Bideoak etengabe ikusten, bolumena altu izanda herriko jaietako bozgorailu bat balira bezala. Kaleak begiratzeak estimulu handirik ez duenez bista jasotzeko, mugikorrean babesten dira. Gero eta ohikoagoak bihurtzen ari dira estimuluz betetako ekintzak eta azkarrak direnak, eta prozesu honetan teknologiak zerikusi zuzena du. Netflixeko pelikula baten zati bat asko ez gustatzean, azkar bilatzen da beste bat. Horregatik, ez gaitezela harritu liburuak, artikulu luzeak eta abar gero eta gutxiago irakurtzen direla esaten dutenean. Denbora asko eskatzen du eta askotan zaila da testu luze bat irakurtzearen prozesua. Bien bitartean, gazteoi alferrak garela esaten digute, edota irakurtzea ez zaigula gustatzen, ahazturik teknologiak eragin handia duela horretan. Gainera, aparatu elektroniko horiek  txikitatik erabiltzen hezten gaituzte hezkuntza-sistemaren bidez. DBHn eskola ia guztietan erabiltzen dira horiek halabeharrez. Eta zer esanik ez batxilergoan. Ordenagailuak LHra heltzen ari dira azken urteotan, gero eta ume txikiagoen artean normalizatzen ari da horien erabilera. Klaseko lan eta informazio asko Classroom bezalako plataforma digitalen bidez bidali eta jasotzera behartuta gaude. Hala eta guztiz ere, teknologienganako adikzioaren errua guri, gazteoi, leporatzen digute askotan.

Mugikorrak gure bizitzetan sartu dira eta badirudi gurekin batera luzerako iraungo dutela. Teknologiek adikzio itzela sortzen dute, eta txarrena da gaztaroan gauden gehiengo handi batek erabiltzen ditugula. Salbuespen txikiak egon arren, ez dago ia inor mugikorra erabiltzen ez duenik egun. Teknologiek gure bizitzak guztiz aldatu dituzte. Batek daki nola biziko garen hamarkada batzuk barru.

Halere, pantailetan kalitatezko eduki gutxi kontsumitzen da. Ez dago inolako arazorik teknologiak futbola, memeak, bideojokoak… ikusteko erabiltzeko. Baina gutxik erabiltzen dituzte berriak irakurtzeko, edozer gauza berri ikasteko, politika irakurtzeko… Horrek pentsamendu kritiko ezaren prozesuan laguntzen du. Hori hezkuntzatik datorren beste arazo bat da. Zergatik sinetsi behar dugu irakasleek dioten dena? Zergatik sinetsi behar dugu historiako apunteetan agertzen dena guztiz egia dela? Klaseetan jasotzen duguna barneratzen irakasten digute. Baina ez galdetzen ea zergatik den horrela eta arrazoinamendua garatzera. Halaber, sare sozialetan askotan manipulatutako mezuak agertzen dira eta jende askok sinisten ditu, idatzitakoa zalantzan jarri gabe. Hori askotan ikus daiteke autoritatezko argudioak erabiltzen direnean.

Bilatu