Txillardegi eta loromokoak
Udal oposizio osoa baturik, kolonizatzaileen hitz jarioa errepikatuz, hala euskara bera nola euskal kultura menpekotasun egoeratik atera nahi izan zuenari ukatu egin diote zegokion tokia
Txillardegi zenak Antigua aldean eta Donostiako hondartzan dagoen «Loreto peko» toponimikoa nola «pico del loro» bihurtu zen (zuten) erakutsi zigun aspaldi.
Hizkuntza menderatuak, kolonizazioa dela medio, horrelakoak pairatu behar izaten ditu: desitxuraketa, esanahiaz aldatu beharra eta, guztien gainetik, iraunkortasunik eza.
Izan ere, hizkuntza ukipen egoera diglosikoetan, mintzairak gorde ohi duen herri gogoaren galera izaten da menpekotasunaren eragin nabarmenena. Toponimiak aspaldiko tokien izaera iraunarazi bezala herri hizkerak lekukotasun historikoa ematen digu, baita, itzulpen behartuen bidez, hizkuntzen arteko asimetriaren berri ere. Horra hor, bi haizpeak>bi a(h)izp(e)ak>«dos hermanas» bihurtuta, adibidez.
Txillardegik, berriz, kasu egiten zion horri, eta berak hautatutako ezizen guztiak toponimoak izan ziren: Larresoro, Harribizketa, Larreko, Usako… etab. Sustraitutako izendapenak, alegia.
Herri hizkuntzak gordetako askok, ordea, ez du ongi jotzen Akademiak erabili ohi dituen parametroekin. Mugagabeak, esaterako, ez dira agertzen gaztelerazko gramatikan ez eta frantsesezkoan ere. Horregatik euskaltzain batzuek muzin egin nahi izan zioten bere garaian mugagabeari buruzko Txillardegiren proposamenari, eta berak, Oskillaso zena lagun, ahaleginak eta bi egin behar izan zituen euskarak berezkoa duen sistema, neurri batean bederen, Euskaltzaindian onartua izan zedin (nahiz eta inguruko hizkuntza handietan horren parekorik ez egon).
Hizkuntza gutxituak, beraz, ondoan eta gainean duen hizkuntzaren imitazioa hobesten du ezaugarri propioen kaltetan. Horrela, gutxiagotze bidean dagoen mintzairaren hiztunak loromoko bihurtzen ditu kultur kolonizazioak. Loritoen antzera ibili behar izateak, berriz, gogoeta askerako gaitasuna baztertzea dakar eta jarrera hori horren da agerikoa ezen gehie- netan edonor lotsarazten duen, tximinoen modura jarrera imitatzailean ari denarengandik hasita, horretaz konturatzen den ikuslearenganaino.
Kanpo lotsa eragin du, adibidez, Donostiako kultur kontseiluan Txillardegi Liburutegiari buruz ebatzitakoak. Inork horretaz jabetzeko behar adinako informaziorik orain arte jasotzerik izan ez badu ere, albistea, nagusiki, honako lekuotan azaldu da:
http://paperekoa.berria.info/plaza/2013-12-21/032/001 oposizioak_baztertu_egin_du_donostiako_liburutegiari_txillardegi_izena_jartzea.htm
http://www.naiz.info/eu/hemeroteca/gara/editions/gara_2013-12-21-06-00/hemeroteca_articles/donostiako-liburutegi-nagusiak-txillardegiren-izena-hartzea-baztertu-dute
http://www.noticiasdegipuzkoa.com/2013/12/21/vecinos/la-oposicion-rechaza-que-la-biblioteca-central-adopte-el-nombre-de-txillardegi
http://www.diariovasco.com/20131220/local/san-sebastian/biblioteca-central-llamara-txillardegi-201312201215.html
https://irutxulo.hitza.info/2013/12/20/eajk-pse-eek-eta-ppk-atzera-bota-dute-donostiako-liburutegi-nagusiari-txillardegi-izena-jartzeko-proposamena/
Hau da, udal oposizio osoa baturik, nor bestearen imitazioaz, loroak bezala, kolonizatzaileen hitz jarioa errepikatuz, hala euskara bera nola euskal kultura menpekotasun egoeratik atera nahi izan zuen intelektual donostiarrari ukatu egin diote zegokion tokia eta oroimena. Haiei esker, Donostiako Udal Liburutegia ez da Txillardegi liburutegia izango. Esker gaiztoko erabakia, nire ustez.
Izan ere, jarrera horrekin, kultura arloan erdarazkoari onartu egiten zaio beto eskubidea euskal kontsentsuaren gainetik. Ba al dago menpekotasun handiagorik?
Bistan da, euskal kulturarako berezko garrantzia duen aldarrikapen honen aurrean, Txillardegi izena udal eraikin kulturalean errotzearena, espainolismoa nagusitu dela inolako arrazoirik gabe,egokitzat hartzen zuten txosten teknikoak alboratuz eta balizko euskal gehiengoa baztertuz. Hau lotsa!
Horren antzera, aurten, 1813-2013 Bigarren Mendeurrena gogoratu denez, “Su haietatik hitz hauek” izeneko liburuxka kaleratu du Euskal Idazleen Elkarteak Donostiako Udalarekin elkarlanean. «Euskara, Bretxako zirrikitutik arnasbide berrietara» azpititulua du aipatu liburuak eta, nago, hastapenetatik ez ote garen ahazten ari euskarazko hitzen jatorriak zeintzuk diren. Testuak «joxemaritarrak» eta «koxkeroak» bereizten ditu 6. orriko «Donostiarron hiztegian» baina emandako azalpenen artean ez du iradokitzen S. Bizente eliza ondoren zegoen harresiari arrakala ireki ziotela erasotzaileen kanoien ahoek «koska» eginez eta, denbora luze batez behintzat, «koskaz» beteriko paretaz josia utzi zuten Donostia suntsituaren alde hori.
Bitxia da gero! Euskal gogoak gorde duena galtzen omen da euskara biziberria aldarrikatuz. Koska zaharra Bretxa berria bihurtu zaigu egun.
Ondarea gorde egiten da nahiz eta era «immaterialaz» izan. Hizkuntzak eusten dio.
Baina gogoan irauten du errotua dagoenak. Errotulu berria ez dute onartu nahi izan Donostiako loromokoek: PPk, PSEk eta EAJk. Ez omen dute Txillardegi gogoratu ere egin nahi.
Beste batzuek bai, ordea. Zenbait euskaldunentzat Txillardegi herri gogoan dago oraindik eta, bera zendu zen bigarren urteurrenaren atarian (urtarrillak 14), kolonizatzaileen imitatzaileek ezin izango dute hori inola ere ezabatu: horixe nahi dut ozenki adierazi aldarri honekin.
Txillardegik, euskara batua erabiltzen dugun bakoitzean, bizirik dirau era immaterialean, gure baitan eta gure mintzoan. Baina haren izena eta presentzia euskal herrian (hirian) materializatzea lor bageneza (eta lortuko dugu), kultur menpekotasuna gainditzearen seinale nabaria izango da.
Hala bedi.