Nagore Iturrioz eta Ainhoa Astigarraga
Steilas sindikatua

Zein da Hezkuntza Itunaren izpiritua?

Lehenengo ahaleginean gauzatu duten planifikazio dekretuaren zirriborroan ez da publifikazioren inguruko hitzik behin ere aipatzen

Badirudi aztoramenak ezin duela luze iraun Legebiltzarrean hezkuntza gaiei dagokienez. Larritasuna baretzearren eta xelebrea bada ere, lau alderdi politikoak presaka etorri zaizkigu antzeko borondateak dituztela berrestera. Izan ere, hedabideetan argitaratzen denari erreparatuz, denak publikoaren alde gaude. Hein batean gogora ekartzen ditu maiz modu irmoan esaten diren esaldiak, esate baterako: «ni ez naiz arrazista, homofoboa, matxista...». Ahoz gizarte mailan zuzena iruditzen zaiguna esaten dugu, nahiz eta normalean egiatik gutxi izan eta gure ekintzetan ez islatu.

Hori bera gertatu zaie Hezkuntza Ituna bultzatu dutenei Euskal Eskola Publikoaz hitz egitean. Lau haizeetara oihukatu badute ere, badirudi haien lehen bultzada guztiz pribatizatzailea den EAEko irakaskuntza ez unibertsitarioko ikastetxeen sarea planifikatzeko dekretu bat sortzea izan dela. Dekretu hori aplikatuz gero, euskal eskola publikoen pixkanakako itxiera eta pribatu-itunpekoen biziraupena bultzatuko luke.

Horrelakoak esaten ditugunean egongo da «korporatibista» deituko digunik, baina gogorarazi nahi dugu publikoaren aldekoa dela benetan komunitatearen aldeko borroka bakarra; publikoa ez dena, aldiz, interes singularren alde egiten duena da. Egongo da ere baieztapen horrekin alarmista garela esango duenik edo zehaztasunik gabe hitz egiten dugula; beraz, saiatuko gara labur azaltzen konplexuak eta teknikoak diren hainbat kontu.

Dekretu honen bitartez eskola mapa zehazten da, ikaspostuen eskaintza arautuz, edo, bestela esanda, sareen artean ematen den ikasleen banaketa jasotzen da. Egun dugun eskola eskaintza, iraungita egoteaz gain, desorekatuta dago itundutako ikastetxeen alde, eta, dekretu berria indarrean jarri arte, hori betikotuko dela dirudi, baita horren ondorio diren ikastetxe pribatuen itunak jaiotza tasak nabarmen behera egin arren.

Desorekaz ari garenean adibide asko jar ditzakegu, esate baterako, Andoain, non publikoaren eskaintza soilik herriko eskaintza guztiaren %13 den. Hori ez da salbuespena, sareen arteko lehia dagoen herri edo hiri gehienetan sare publikoaren eskaintza ez baita eskaintza osoaren %40ra iristen (Tolosa, Arrasate, Bergara, Legazpi, Oñati, Orio, Urretxu-Zumarraga, Villabona, Zarautz, Elgoibar, Oiartzun, Donostia, Amorebieta, Bermeo, Gernika, Leioa, Mungia, Ortuella, Trapagaran, Zamudio, Amurrio, Donostia, Bilbo, eta abar). Bitartean herri edo hiri horien itundutako ikastetxe pribatuen eskaintza ikasle guztien %90 jasotzeko adinakoa da. Kontrara, adibidez, Lazkao, Irura, Ibarra, Usurbil, Anoeta eta Loiun eskaintza publikorik ere ez dago. Argi dago, beraz, itunpeko sarearen onurarako gehiegizko eskaintza dagoela eta funts publikoak gaizki erabiltzen direla.

Hori da egungo erradiografia, ikastetxe pribatuen ituntzea unibertsala da. Nahiz eta 1987ko ituntze dekretuak jasotzen dituen baldintzak ez bete, gure oasi honetan dena ituntzen da, bost axola legeak zer agindu. Derrigorrezkoak ez diren etapak ituntzen dira (Batxilergoa, Lanbide Heziketa…), ikaslearen etxetik gertu ez dauden ikaspostuak (Loiuk 2.394 biztanle ditu baina egunero 6.500 ikasle garraiatu jasotzen ditu) edo gizartearekiko konpromisorik ez dutenak ere ituntzen dira.

Planifikazio-dekretu zirriborroak Euskal Hezkuntza Zerbitzua hartzen du erreferentziatzat, ikastetxeak publiko edo pribatu izan ez ditu desberdintzen, edo, bestela esanda, doako ikaspostua ikaspostu publikoaren maila berean jartzen du. Hori onartezina izateaz gain, ikastetxe pribatuetako ikaspostu horiek itundu arren benetan doakoak izango diren ikusteko gaude, ez ahaztu gaur egun ere kuotak legez kontrakoak direla.

Baina legeak urratzearena ohikoa bihurtzen ari dela dirudi hezkuntza munduan dauden benetako interes ekonomiko eta korporatibistak babesteko. Esate baterako, Planifikazio-dekretu zirriborro horretan gaur arte jasotakoak LOMLOEk 109. artikuluan jasotzen duenaren kontra egiten du zuzen-zuzenean; bertan plaza publikoak eragin eremu guztietan sustatu behar direla jasotzen baita, ez doako plazak.

Horretaz gain, lerro bakarreko ikastetxeak bi sareetan egon arren, publikoak «garestiak» direnez ixtea edo fusionatzea proposatzen da dekretuan. Hezkuntza Sailak itundutako ikastetxe pribatuetan ez du gelak ixteko eskumenik, ezta ituntzeari uzteko interesik ere, noski, horregatik jaso du dekretuan ikasgela pribatua ituntzeko ratioa hamazazpi ikasletik hamahirura jaistea.

Lehenengo ahaleginean gauzatu duten planifikazio dekretuaren zirriborro honetan ez da publifikazioren inguruko hitzik behin ere aipatzen. Diotenez, itunaren izpiritua eta ekarpenak ez daude ondo islatuta. Beraz, alderdi guztien artean saiatuko omen dira itunaren jatorrizko izpiritu hori berreskuratzen. Espero dezagun izpiritu hori ez izatea edukirik gabeko bost esaldi sartuz kontzientzia lasaitzeko balio duen horietakoa. Era berean, gure baitan arrazistak, matxistak edo homofoboak ez izatea espero dugu.

Bilatu