Zorionak Lorena López de Lacalle eta enparauak!
Jakinik dagoeneko faltsuak direla grafito horiek guztiak, ez duzue oztoporik jarriko arkeometrian espezializatua den laborategiren batean aztertzeko 36 grafito horiek dituzten ostrakak, ezta? Horrela, laborategiek epaiari bermea emanik, «fedegabeon» ahoak itxiko zenituzkete betiko.
Pozik egonen zara, zu bereziki, Lorena, epaiketaren ageriko eragile nagusi moduan, Gasteizko epaileak Iruña-Veleia auziari emandako epaiarekin. Bazen garaia, ezta? Hamaika urte luze zuretako horren begibistakoa zena, lau hilabeteren buruan «argitu» eta erabakitzeko.
Lortu duzu nahi zenuena. Zuk «iruzur arkeologikoaren» arduradunetako ematen zenituenak zigortu eta gainera, zure hasierako asmoa ezin hobeki bete du epaileak, ez baitzenuen nahi «espetxe-zigorrik lortzea», «gertatutakoa argitzea» baizik. Halako adierazpenak ezartzen ditu zure ahoan, behintzat, "El Correo"-k hilabete honetako 12koan. Eta epaiak eragindako pozaren gainean metaturik, balio erantsi gisa, Vaticano-aren bedeinkapena ere bai, seguru asko, zure bihotz aratz eta xahuagatik, batetik; eta Itun Berria aldatzen hasi beharrik ez dutelako, bestetik.
Pozik egonen zarete, Lorenarekin batera, zuen iragarle-dohainak baliatuz grafito horietako batzuetan «Descartes» edo «RIP», esate baterako, irakurri zenuten hizkuntzalaritzako, arkeologiako, epigrafiako eta unibertsitateko beste espezialitateko adituak. Zuen jakinduriaren aurrean, ezerezean utzi ditu epaileak beste aditu batzuen iritziak, Museoko zaharberritzaileenak, adibidez. Eta Lorenarena bezala, zuen poza ere bikoitza, seguruenik, ez baituzue zuen espezialitateetako hainbat teoria moldatu beharrik izanen.
Pozik ere bai, era berean, egonen zarete beste alde batera begiratu edo «busti» nahi izan ez duzuen guztiak, azkenean epaile orojakile batek ondorioztatu duelako 36 grafito faltsutu zituela norbaitek, «auzipetu nagusiaren agindupean edo, gutxienez, honen beraren jakinaren gainean». Poz bikoitza zuen kasuan ere, berriz ere jarrai dezakezuelako fedea izaten zuen kezkak eta zalantzak argitu ditzaketen adituengan. Zorionak «dogmazale» zareten guztioi!
Eta, azkenik, pozaren pozez, Iruña-Veleiako auziaren epai honekin haien ganbeletako iturriek etenik ez dutela izanen ziurtatuko dutenak. Arruazuko esaera zaharrak dioen moduan, «Kulpa gabea, penaz egonen da akaso, kofradian ez denak, ez kandelarik jaso!».
36 grafito faltsutu izana ondorioztatu du epaileak, baina benetan argitu du epaiak Iruña-Veleia auzia? Hasteko, ez daki epaileak nork faltsutu dituen grafito horiek, ez daki zer erabili den grafito horiek faltsutzeko, ez daki noiz eta nola faltsutu diren eta, larriagoa dena, zer pasatzen da gainerako hirurehundik gorako grafitoekin, laurehundik gora baitziren auzipean zirenak.
Baina, zer demontre! Eman dezagun arrazoi osoa duela epaileak eta ziurtaturik dagoela Iruña-Veleia auziko 36 grafito faltsuak direla. Grafito guztietako %9a, gutxi gorabehera. Lagin nahikoa, bistan da, gainerako guztietara zabaltzeko erabakia. Ez da horrela, Lorena eta enparauak? Orduan, jakinik dagoeneko faltsuak direla grafito horiek guztiak, ez duzue oztoporik jarriko arkeometrian espezializatua den laborategiren batean aztertzeko 36 grafito horiek dituzten ostrakak, ezta? Horrela, laborategiek epaiari bermea emanik, «fedegabeon» ahoak itxiko zenituzkete betiko, guk iritzietan baino gehiago egintzetan baitugu «fedea».
Edo, ez zenuten, bada, Lorena eta enparauak, pentsatuko 36 horiek eta gainerako guztiak suntsitzea, faltsuak direlako aitzakitan, hondeamakinarekin aztarnategian egindako moduan!
Barkaezina litzaizueke zuri eta zuk ordezkatzen duzun erakunde politikoari bereziki (ordezkari politiko gisa hartu baitzenuen Iruña-Veleiako grafitoak auzitara eramateko erabakia), euskal kulturaren baitan honelako garrantzia duen afera argitu gabe uztea betiko.