2013 erabakigarria
Garai honetan, duela 42 urte, abenduaren 1970a halaxe izan zen: erabakigarria, bai Euskal Herriaren etorkizunerako, baita Burgosko Capitania Militarrean, guztizko Sumario Militarpean, epaituak izaten ari ginen 16 euskaldunontzat ere.
Norberaren mesedetan parekotasunaren bila ibiltzea, ez da, nire aburuz, zintzoa, ezta duina ere, are gutxiago, «Francoren garaiak gogorragoak», «sasi demokraziakoak latzagoak» eta abar esanaz, norgehiagoka jardutea, geure kalterako besterik ez baita.
Azken batean, bizi eta sufritu behar dugunok, garai batean zein bestean, prest gaude, sinismen osoa dugulako gure herrian eta haren etorkizun oparoan.
Latza izan da Joxe Arregi eta bidean utzitako hainbat militante emankor eta paregaberentzat. Oso latza! Etxekoentzat ere bai. Torturaz gain, beren bizi osoa eman dutelako Euskal Herriaren alde esku eta bihotz zabaltasunez. Bejondeiela utzi diguten altxorragatik: borrokaren baliagarritasuna. Duela 42 urte eta gaur balio berbera duen lan-tresna dugu borroka, Euskal Herriaren burujabetza lortzeko bidean, autodeterminazioa gauzatuz, independentzia lorraraziz eta sozialismoa eraikiz.
Noski, euskal preso politikorik gabeko eszenatokia buruan dudala ari natzaizue. Izan ere, lehentasunak lehentasun, orain behar ditugu etxean lagun, kide, ezagun eta ezezagun diren preso politiko guztiak. Elkarrekin eraiki behar dugu-eta etorkizuneko Euskal Herria.
Lehengora noakizue, duela 42 urte Francori, bizirik zela, eskuetatik sei kideren heriotza-zigorra kentzea lortu bagenuen, hiru motatako borrokaren uztarketari esker izan zela esan behar dut:
Bat, epaituen irmotasun iraultzailea.
Bi, Euskal Herriaren borrokaren emankortasun paregabea.
Hiru, Burgosko prozesatuekin eta Euskal Herriak bere askatasun bidean zeraman borrokarekin nazioarte zabalak erakutsi zuen elkartasuna.
Hau da, bada, Euskal Herriaren alde borroka egin dugunontzat, gaurko Francorik gabeko frankismo berriari askatasuna kentzeko bidea, eta... guri, kalean gaudenoi dagokigu paperik garrantzizkoena.
Gainera, ez dut zalantza izpirik ere, oraindik demokrazia ez dugula zoritxarrez ezagutzen. Bestela nola ulertu Franco 1975ean hil eta, 1977ko «sasi amnistiaren» ondoren, milaka herritarrek borrokara itzuli beharra, askatasun politiko eta zibilen alde? Nola ulertu kartzelak berehala euskal militantez betetzen joan direla gaur arteraino, Francoren erregimenarekin hausturarik eman ez zelako ez bada? Akaso, ahaztu egin al zaigu Armadak, gaur egungo finantza sistemak eta Elizak berak lehengo iturritik edaten dutela?
Euskal Herria burujabe izan dadin, etxeko seme-alaba kuttunak askatzetik hasi beharko dugu autodeterminazioaren eskutik eta Euskal Herriko jendearen gehiengoa izan behar dugu askatasun honen motorra, duela 42 urte izan zen bezala.
Bilbora gaur inguratzen garen guztiok gai izan gaitezen euskal preso politikoen alde eguneroko lanean jarduteko. Honela, ziurtaturik izango genuke garaipena!