Josu Jimenez Maia, idazlea

Deabruen habia

Duela hilabete, Benedikto XVIgarrenak dimisioa eman aitzin, albiste batek eman zidan atentzioa: Sinéad O'Connor abeslariak adierazi du Eliza Katolikoak eskumikatu duela, eta eskatzen dio Vatikanoari ziurtagiri bat. Hona hemen haren hitzok:

«Antza denez, eskumikatu naute, baina hori adierazten duen bakarra L'Osservatore Romano da, Eliza katolikoaren egunkaria, inork irakurtzen ez duena. Baina nik nahi dut bilobei erakusteko moduko zerbait. Txioren bat edo beste bidali diot Benedikto aita santuari, baina ez dit oraindik deus erantzun».

Handik gutxira, Ratzinger aita santuak karguari eta kargari ezin ziola eutsi, eta utziko zuela iragarri zuen, baina ez dut uste abeslari dublindarraren eskaerak zerikusi izanen zuenik. Alta, zerikusi izan omen du Eliza Katolikoaren barruko ustel usain jasan ezinak, artaldea zaindu beharrean arkumeez abusatu dituzten artzainak ez baitira izan ez bat, ez bi, eta salaketa soka luzeak ez du etenik.

Adin berekoak gara Sinéad O'Connor eta biok, eta gazte-gaztetatik miretsi dut kantatzeko haren ahots zoragarria. Baliteke irakurleak gogoan izatea Juan Pablo II. aita santuaren argazki bat urratu zuenekoa, EE BBetako Saturday Night Live telesaioan, zuzen-zuzenean egin ere. Gogoan dut garai hartan sortu zen iskanbilaren haritik neuk ere izan nuela gogorik aita santuaren argazki bat mila puskatan hausteko; ez nuen egin, baina.

Eliza Katolikoaren barruan izan diren umeen aurkako sexu-abusuak direla eta, Sinéad O'Connor dublindarrak horrela deskribatu du Vatikanoa: «deabruen habia».

Ratzingerrek ez zion agiria eman, baina Bergoglio argentinarra horren «irekia», «herrikoia», eta «umila» baldin bada, aita santu berriak eskumikatze-ziurtagiri hori eman beharko lioke dublindarrari eta eskatzen duen edonori. Katoliko sentitzen ez garen anitz gara Eliza Katolikoaren zerrendetan, eta uste baina zailagoa da ezabatzea. Izan ere, zailagoa da Eliza Katolikoan baja ematea telefonia-konpainian batean baino. Zerbait egin beharko da ‘L'Osservatore Romano’ egunkarian agertzeko; iradokizunak onartzen dira. Zenbat argazki urratu behar dugu eskumika gaitzaten?

Bilatu