Aster Navas

«É un mondo dificcile»

Kostata ulertzen da bere epaia euskararen zailtasun izugarrian oinarritu duen epaileak jaso dituen kritika gehienak gaztelaniaz egin izana. Ez zegoen horrelako titular bati ihes egiten uzterik, polemikoa bezain goxoa, hainbat interpretaziori irekia; horietako batzuk grinatsuak.

Jakina, komunikabideei ez zitzaien interesatzen, bitarteko funtzionarioaren kargu-uztea gaitzesteko, autoaren gainerako argudioetan sartzea; eta, egia esanik, horietako batzuk, ordea, sendo samarrak, funtsezkoak ba ziren.

Bai, hainbat arrazoirengatik, guztiak ere oso adierazgarriak, epaile bat lorategi horretan sartzea, kostata, zailtasunez, ulertzen da:

-Izaera juridikoko testu batean hitz hain subjektiboa erabiltzea, gutxienez, eztabaidagarria da, eta oso ate arriskutsuak irekitzen ditu: jar dezagun, «difícil»-en ordez, «minoritaria». Demagun zure emaztearen dibortzio eskaera tipo aspergarria, astuna edo itsusia zarela argudiatuz sustatuko zela (nahiz eta arrazoi osoa izan...).

-Epaia mamitzen duen eta ranking surrealista batekin batera datorren «difícil» horrek zentzua izango luke urrutiko lurralde bateko hizkuntza bati buruz hitz egiten ariko bagina. Txinerazko fonetikaz edo bereberezko ahoskeraz agian esan daiteke, baina ez hizkuntza koofizial batez. Epaileak «difícil» horrekin transmititzen duena, gutxienez, urruntasuna da. Demagun Los Angelesko epaile bat gaztelera «very difficult» dela esaten duena.

Langilearen azalean jartzen epai pozgarria bada ere, haruntzago joan beharko genuke. Hizkuntza-normalkuntzara iritsi nahi badugu, bere oinarrietatik eraikitzen hasi behar dugu: Administrazioko funtzionarioek -hezkuntzakideok bezalaxe- guri bi hizkuntzetan arreta emateko gai izan beharko lukete.

Baita Epailetza ere. Bai, «difícil»; oso.

En fin.

Bilatu