Jose Manuel Bujanda

Eskerrik asko!

Baimenaz. «Ez zitzaizun oso erraza egin ikasturte hasiera. Etxekoen falta asko nabaritu eta gogorra zitzaizun banaketa hori. Urduri sartu eta urduri ateratzen zinen gelatik. Pixkanaka elkarrekin konfiantza hartzen hasi ginen eta segurtasun falta hori lantzearekin batera aldaketa handia jasan zenuen, beste ume bat ikusten hasi ginen, eskolako egunerokoaz disfrutatzen hasi zena. Orain irribarre handi batekin agurtzen gaituzu eta jolasteko irrikaz sartzen zara. Lagunen presentzia gustuko duzu eta gustura ibiltzen zara alde batetik bestera zure jolasean, baina edozein momentu aprobetxatzen duzu guregana hurbiltzeko eta gure mimoak jasotzeko. Ze gustuko dituzun kilimak! Ez duzu eskolan bazkaltzen, baina argi erakutsi diguzu jatea gustuko duzula eta fundamentua daukazula, mahaiaren aurrean presente baitzaude beti zerbait eroriko ote den esperantzarekin. Hurrengo kurtsoan asko disfrutatuko duzulakoan gaude! Lotarako ere zer esanik ez, lasai lasai geratzen zara eta batzuetan sehaskan egotea eskertzen duzu, nahiz eta azken aldian gutxiago behar izan. Mugimendu aldetik mantso eta tentuz ibili zinen hasieran, baina ibiltzeko lorpena eskuratu zenuenean segurtasun handia hartu zenuen eta honek gelako altzairu eta espazio guztiari etekina ateratzeko aukera eman zizun. Kolpe gutxi jaso dituzu, nahiz eta aurkitzen dituzun altuera guztietan igo, mugimenduak ondo kontrolatzen dituzunaren seinale. Oso haur alaia zara eta begirada zein irribarrearekin dena adierazten diguzu. Kontu kontari eta bakarrizketan ikusi zaitugu azken aldian. Ederki ulertzen gaituzu eta ederki ulertarazten zara zure keinu txikiez. Zure izaera ere atera duzu momentu batzuetan eta zerbait gustatu ez zaizunean argi utzi duzu, negarra edo oihuaren bitartez. Abestiak asko gustatzen zaizkizu eta arreta handiz entzuten dituzu, baita erritmoa jarraituz dantzan ibili ere». Irakurle estimatua, hau irakurtzean, aitonak, nik, malkoak lehortu behar. Lerro hauek idatzi dituzun horri bi muxu oso laztan samurki. Eskerrik asko!


Zuen iritzi artikulu edo gutuna iritzia@gara.net helbidera bidal dezakezue, word formatuan edo beste formatu editagarri batean. Idatzian sinatzailearen izena, abizenak, telefonoa eta NAN zenbakia agertu behar dira. Iritzi artikuluak eta gutunak sinatzailearen izen-abizenekin argitaratuko dira. Egileak talde baten izenean sinatzen badu, sinatzailearen izenaren azpian taldearen izena agertuko da. NAIZ ez da iritzia sailean argitaratutako edukiez arduratzen.

Bilatu