Josu Jimenez Maia, idazlea

Gazari begira, ikusi (nahi) ez

Gazari begira Espainiako Gobernuak ezikusiarena egiten du palestinarren hilkintzak direla eta. Gazako zerrendan zuritutako eta eraildako lagunen kopurua gutxi gorabehera eman daiteke, baina egunez egun gora doan kopurua da. Duela hilabete palestinarren hildako kopuru «ofiziala» 37.396koa zen, betiere “The Lancet” ikerlanetarako-aldizkariaren arabera; halere, kopuru hori oso txikia da ikerlari adituek egin duten parametro estatistikoen araberako estimazioei kasu egitera: 186.000 gazatar hilak leudeke zuzeneko bortizkeriaren edo zeharkako gosetearen ondorioz. Hildako horien %70 emakumezkoak eta umeak, Unicefek adierazia. Infantizidioa, genozidioa... hitz egokiena aukeratzeko ñabarduretan galdu baino, ekintzarako tenorea da, eta pausoak eman behar dira: berandu baino lehen Israelekin harreman guztiak eten egin behar dira.

Palestinarren triskantza egunetik egunera handituz doalarik, eutsi egin behar zaio Palestinaren aldeko aldarriari, sionistek ez baitute oporraldirik hartu. Espainiak inoiz izan duen gobernurik aurrerakoienaren lotsarako, Gazako genozidioari ezikusiarena egiten jarraitzen du oraino. Zenbat gorpu palestinar behar ditu gobernu ustez progresista batek Israelgo Estatu sionistarekiko harreman oro bertan behera uzteko?

Izan ere, Palestinako olerkari ospetsuenetako batek, Mahmud Darwishek, ezin argiago adierazi zuen: «Ez dago deus lotsagarririk zanpatua egotean; zanpatuei ez ikusiarena egitean datza ahalkea».

Bilatu