Mikel Arrieta Iraola

Iruña-Veleia. Zientziak berez hitz egin du

Zientzia zientzia!! Han eta hemen entzuten dugu, baina Iruña- Veleian zientziak hitz egin du.

Aurkitutako piezak aztertzeko autoritatea, jakintza eta sona akademikoa handiena zuten eta duten ikerlariek bat datoz faltsutuak daudela esaterakoan, analitikak egin dira eta aurkikuntza arkeologikoak balioesteko espezializatuta dagoen garrantzi handiko laborategi batek ere piezak faltsutuak daudela berretsi zuen. Ez dut uste oker nagoenik esaterakoan Euskal Herriko Instituzio akademiko eta zientifikoetan ere gehiengo oso handi batek ere, egin diren ikerketak aztertuta ondoren , faltsutzearen ideiaren aldekoak direla. Beraz zientziak hitz egin du jada. Eta gustukoa izan edo ez zientziak bere posizioa argi utzi du.

Jakina da gutxiengo batek, zilegitasun osoarekin, ez datorrela bat iritzi nagusiarekin. Egin diren frogen emaitzekin gustura ez eta gehiago eskatzen dute. Eskubidea dute. Baina egia da iritzi hori dutenen argudioek ez dutela lortu, oraingoz, oihartzun handirik mundu akademiko eta zientifikoan. Bildu dituzten aldekotasunak oso mugatuak eta urteak joan eta urteak etorri hasierakoak mantentzen dira, ez da handitu taldea. Egoera aldatu dezakeen aurkikuntza iraultzailerik gerta daiteke, nork daki, auskalo, baina ez dirudi oso errealista.

Dena den Iruña-Veleian bizi duguna edozein arlo zientifikoan normala da, ez da ezer berezia. Badaude kurrikulum akademiko handiko zientzialariek aldaketa klimatikoa ukatzen dutenak, beste batzuk kreazionistak dira, egongo da hor nonbait fisikoren bat erlatibitatearen teoriaren aurkakoa. Ezin dugu pentsa zientifikoen %100a beti ados egongo direnik. Baina horrek ez du kuestionatzen komunitate zientifikoan dauden oinarrizko kontsentsu eta adostasun batzuk.

Azkenik esan gure herriaren historiarentzat Iruña-Veleia hiria ikaragarrizko garrantzia duela. Lehen mailako aztarnategi arkeologikoa da, sekulako altxorra dugu bertan eta orain arte izan duen baino arreta gehiago merezi du. Benetan garaia da Iruña- Veleian behar diren baliabide guztiak jartzeko eta etengabeko indusketa lanak abiarazteko. Euskal herritarrok merezi dugu!

Bilatu