Tomas Elortza Ugarte

Iruña-Veleiak 17 urte

2006ko ekainean lehen grafitoak aurkezten dira: 8an latinezkoak eta 15ean euskarazkoak. Eliseo Gil Zubillagak aurkezten ditu eta EHUko bina katedratikok laguntzen diote aurkezpen lanetan, kolaborazio historia eder baten hasiera bailitzan. Euskaldunoi ilusio handia piztu zigun, duela hilabete batzuk Irulegiko Eskuak bezala.                  

2008ko azaroan Eliseo Gil Zubillaga eta lan talde osoa aztarnategitik kanporatzen dituzte. Diputazioak izendatutako eta ia osorik EHUko irakaslez osatutako Batzordearen gehiengoak grafitoak faltsutzat jo ditu). Ustezko faltsutasun argudioak hizkuntzalaritza mailakoak dira batez ere, ez laborategiko frogak.

2009: Arabako Diputazioak kereila jartzen du ustezko faltsifikazioagatik Eliseo Gil eta beste biren aurka. Urte berean SOS Iruña-Veleia sortzen da; behin eta berriz, grafitoen analitikak eskatzen dira, baina alferrik. Aztarnategiaren zuzendaritza EHUk hartzen du eta, berehala, hondeamakina sartzen dute (ikus Destrozando Iruña-Veleia).

2009-2013: Lurmenek hogei txosten aurkezten ditu Epaitegian grafitoen benetakotasun posiblearen alde eta faltsutasun argudioei erantzunez. Isiltasun totala Diputazio eta EHUren aldetik.

2013: IPCE-ko (Instituto del Patrimonio Cultural de España) laborategian egindako lehen azterketa aurkezten du J.V. Navarrok, grafitoen aurkezpenetik zazpi urtera (!); metalen presentzian oinarrituz 36 grafito faltsutzat eta bat benetakotzat hartzen ditu. Ondoko urteetan beste lau azterketa-txosten egiten dira: horietako batek ere ez du grafitoen faltsutasunik ez benetakotasunik ziurtatzen. Beste modu batera esanda: analitikak egiten ibilitako hemezortzi ikerlarietatik Navarrok bakarrik aurkitzen ditu faltsutasun zantzuak.

2015: Ertzaintzak bere txostena aurkezten du. Ez du argitzen nork faltsifikatu zituen grafitoak, ez eta non-noiz-nola faltsifikatu ziren ere.

2018: ‘Iruña-Veleia Argitu’k manifestua kaleratzen du indusketa berriak eta analitikak eskatuz. Ez du erantzunik jasotzen.

2020: Mikel Albisuren txostena Navarroren analitikari buelta emanez eta haren gabeziak agerian utziz.

2020: epaiketa eta epaia. Navarroren analisian oinarrituta Eliseo Gil zigortzen dute 36 grafito faltsutzea egotzita. Prozesuan zehar, grafitoak akusatzailearen (Diputazioa) esku egon dira; epaiketan zehar bi zaharberritzailek aitortzen dute 18 kaxakada pieza garbitu gabe daudela, baina epaileak entzungor egiten du; Eliseo Gilen egiletza ez da argi eta garbi frogatzen…

2023ko maiatzaren 21ean bisita gidatu alternatiboa zuzentzen ari den Josetxo Mendia eta taldea triskantza baten testigu dira: berriro ere hondeamakina sartu baitute aztarnategian, eta harresia «kontsolidatzeko» lanetan, zanga zabal eta sakonak egin baitituzte inolako erreparorik gabe, lurra zakartegitan pilatuz (ikus Hondeamakina berriro Iruña-Veleian!) Harresiak gure historiaren aztarnek baino gehiago balio du, nonbait. Zeramika puska batzuk manipulatzeaz akusatuta –7 urteko kartzela eta 280.000 euroko isuna eskatu zizkioten– Eliseo Gil epaitu eta zigortu egin zuten. Orain ehundaka pieza –zeramika puskak, hezurrak, ikatz puskak...– zakarretara botatzen dituzte inolako begirune eta kontrolik gabe. A zer kontraesana!

Desmasia honen aurrean Sos Iruña-Veleia eta Iruña-Veleia Martxan taldeek salaketa jarri dute epaitegian Patxi Zabaleta abokatuaren bidez eta Xabier Gorrotxategik, Geografian eta Historian doktorea, eginiko txostenean oinarrituta.

Oraindik, Iruña-Veleiako auziak mutur asko ditu solte. Pertsona batzuei, bereziki Eliseo Gili, ekarri dien sufrikario handiaz gain grafitoei ez zaie inolako datazio frogarik egin Irulegiko eskuari bezala; 254 grafitok analizatu gabe jarraitzen dute, beraz ezin jakin benetakoak ala faltsuak diren. Eta orain hau! Nork jarriko du zentzu pixka bat honetan guztian?

Bilatu