Aster Navas

Mesanotxean

Bai, metroan ere bai. Eta pasaden asteburuan hondartzan, baina batez ere mesanotxean. Bainugelan –aitortzen dut– noizbehinka. Baina gau-mahaian bereziki; irratia eta presbizia betaurrekoen artean. Hortxe egon da –nire zain– liburu hori –"La realidad quebradiza", Jose María Merinorena– azken hamabostaldi honetan.Ipuin bilduma ederra, ordainezina. Gomendagarria. Guztiz. -Ez dago alde handirik pertsonen eta liburuen artean: batzuen azalek erakarri eta beste batzuen edukiek harritu egiten gaituzte –dio esamolde batek–. Kasu honetan batak eta besteak atzemango zaituzte.

Arazo bakarra izan da gauero izenburu horrekin topo egiten nuela, abisu, barnetik daramadaren susmoaren baieztapen gisa: "La realidad quebradiza"-k garai hauetan errealitatea esku ahurren artean desegiten zaigula behin eta berriz jakinarazten zidala; hortxe zegoela, jo ta ke, errealitatea ez dagoela eskuratzerik adieraziz, azalduz. Ez daukala muga argirik hauskorra baino hauskorragoa delako: horra hor, hauxe idazten dudalarik, Gazako sarraskia eta horren aurrean nazioarteko geldotasuna; etorkinen krisialdia, bagoien artean topaturiko Kordobako gazte, nerabe horren gorpua. Oheratu eta bezain laster errealitatearekin estropezu eginez. Errealitea; gora eta behera. Errealitateak fikzioa gaindituz idazle horren narrazio bakoitzean baina baita gaueroko albistegian ere.

Guztiz etenerraza, apurkorra, ziurtasunik gabeko errealitate egoskor batetan murgildurik bizi gara. Bai kanpokoan –hedabideek helarazten digutena– baina baita gertuenean, norbanakoarenean ere: bapatean hirurogei urte betetzear gaude, ezinbestean eskapatzen zaizkigun seme-alabak, udarak, egunak, desirak, oroimenak... guzti horrek sortarazten digun orain arteko ezezagun antsietatea, jakineza, enura... Gero eta gehiagotan burura datorkit Katie Meluaren "There are nine million bicycles in Beijing" abestia: "That's a fact. It's a thing we can't deny". Zenbakien sendotasuna, doitasuna, zehaztasunaren falta sumatzen dut. Logika, zentzu apur bat kolkoan eta eroetxe bihurtu den ingurunean, munduan.

Atzo bertan bueltatu nuen alea, mailegua, udal liburutegira. Arratsalde osoa eman nuen haren ordezkoa, pasabideen, apalen artean bilatzen. Azkenik «errealitatea» zegoen mesanotxeko lekuan «Lasai, ez da ezer gertatzen», Ana Malagonena kokatu dut, irratiak eta presbizia betaurrekoek zelataturik.

Ez, oraindik ez naiz irakurtzen hasi baina bart, sikiera, izenburu berriak trankilago sentiarazi ninduen. Ami Ayalonen, –Shin Bet-eko, Israelgo barne zerbitzu sekretuko, buruzagi ohia– "La Vanguardia" egunkariari egindako adierazpenak entzun nituen lotan geratu baino lehenago: «Segurtasuna izango dugu palestindarrek itxaropena izango dutenean».

Ez, agian oraindik ez dago dena galduta. Ea...

Bilatu