Aitziber Olabarrieta Kareaga | Osakidetzako Erizaina

Osakidetzan euskaraz

Tamalez Osakidetzan arreta euskaraz ematea ez dago bermatuta gaur egun. Erakundearen 1. euskara-planaren emaitza ez da nahikoa izan helburu hori lortzeko. Langileen artean hizkuntza-eskakizuna lortzen dutenen kopurua urtean % 3koa da; beraz, martxa honetan 25 urte inguru beharko dira jarritako helburuak lortzeko; orain 2. plana dator.

Osakidetzan aritzen garen euskaldunok ikusten dugu batetik, Hizkuntza Eskakizuna izateak ez duela bermatzen euskaraz aritzea eta, bestetik, lantaldean euskaldun-kopurua handia izanik ere, gaztelaniaz hitz egin behar izaten dela, oso edukazio handikoak omen garelako.

Egoera ez da, inondik ere, gure gustukoa, eta gaur egun Ospitaletan euskaraz aritzea arraroa da, eta entzuten den apurra gutxiengo batzuen ahaleginari esker lortzen da.

Euskaraldia dator eta, itxuraz, erakunde gehienak eta politikariak animatuko dira euskararen erabilpena bultzatzen; txalogarria, denon laguntza funtsezkoa baita. Baina 15 eguneko kanpaina batekin Osakidetza euskalduntzea nekez lortuko dugu.

Neurri egokiak eta borondate politikoa behar-beharrezkoak ditugu benetan eraginkorrak izan nahi badugu gai honetan. Oso datu kezkagarriak entzuten dira. Udako ikastaroetan aditzera eman ziguten gaur egun medikuntza fakultatean gaztelaniaz ikasten duten ikasleen % 68ak D edo B ereduetan ikasi duela.

Agian heldu da momentua unibertsitatean osasun-arloko lanbideetan adar bateko ikasketak eskaintzeko, hau da, Erizantza Eskolan, Medikuntzan, Fisioterapian eta abar; finean euskaraz ematen bada formakuntza, Osakidetzan edo Osasunbidean arituko direnak euskaldunak izango direlako. Erabakia Unibertsitate eta Hezkuntza Sailean daudenen ardurapean dago, baina etorkizunerako arazoa arinduko litzateke behintzat.

Ondoren gure ospitaletan espezialitatea egitera datozenei euskaraz formakuntza bermatu beharko zaie, eta horretarako ere prestakuntzaren ardura dutenen inplikazio erabatekoa behar dugu.

Azkenik, Osakidetza mailan ere arduradunen izendapenak egiterakoan elebidunak lehenestea urrats handia litzateke, eredugarria.

Euskara laneko hizkuntza bihurtu nahi dugunontzat, aipatutako neurri horiek lagungarriak lirateke zalantzarik gabe.

Bilatu