Patxi Apezetxea Agirre

Perretxikoak Bertizko Jaurerrian

Gogoko dut perretxikoak biltzea eta, horregatik, eremu mugatuetako araudi asko irakurri dut. Denak oso antzekoak dira, eta, besteak beste, honako puntu hauek arautzen dituzte: egunean onartutako biltzaile-kopurua, masifikaziorik ez egoteko; kasu batzuetan, bertako biltzaileek kanpotarren aldean dituzten abantailan; beste eremu batzuetan, baimena lortzeko ordaindu beharreko zenbatekoa, etab. Baina leku bateko araudia erabat berezia da eta, neurri batean, ez dator bat besteekin. Bertizaranan (Nafarroa), Bertizko Jaurerriko Parke Naturalean aplikatzen dute araudi hori. 2.000 hektareatik gorako azalera du parkeak, eta, gaur egun, Foru Erkidego horretako Gobernuarena da. Bertako araudiaren arabera, inguruko biztanleek soilik bil ditzakete perretxikoak toki horretan eta bere autokontsumorako. Kanpokoek, batere ez, erabat debekatuta daude. Sinestezina. Ez dut horrelako araudirik ezagutzen, eta are gutxiago jabetza publikoko mendi batean. Hauxe esan nahi nizueke gai horretaz arduratzen zaretenoi Nafarroako Gobernuan: uste dut Bertizko Jaurerriaren araudia aldatu beharko zenuketela alderdi honi dagokionez, perretxiko-biltzaile guztiek, bertakoek eta kanpotarrek, sartzeko aukera izan dezaten, araututa noski, masifikaziorik ez gertatzeko, ia leku guztietan egiten den bezala (Nafarroako Foru Erkidegoan ere bai), bertako mendien kontserbazio ona arriskuan jarri gabe. Eta horrela egokituko ginateke gaur egungo garaietara, non esklusibismoak ez diren, hain zuzen ere, erreferenterik onenak jarduera bat arautzeko; are gutxiago, jarduera hori leku publiko batean egiten bada.

Bilatu