Aster Navas

Salba bedi ahal duena

Egiten duguna ez da horren garrantzitsua, baizik eta egiten dugunak helarazten duen mezua. Ebidentzia hori behin eta berriz berretsita ikusi dugu egun hauetan.

Txertaketa-ordena hausteak ez luke garrantzi handiagorik izango portaera hori dutenak jenerala, gotzaina, kontseilaria edo alkateak izango ez balira. Sastada hori ez litzateke inora joango hain konnotatiboa izango ez balitz: gauza oso itsusi dago, salba bedi ahal duena...

Mugikortasun-murrizketak ez betetzeak, ez luke garrantzi handiagorik izango neurri horiek errespetatzen ez dituena LABIko arduraduna (arau horiek gainerakooi ezartzen dizkiguna hain zuzen ere) izango ez balitz.

Galesko barnetegi batera Batxilergo ikastera joatearenak ez luke garrantzi handiagorik izango zentru horretan izena eman duena Beatriz printzesa izango ez balitz; asuntoa ez litzateke haratago joango aukera horrek ez balu oso konfidantza gutxi estatuko hezkuntzan erakutsiko, eta are gutxiago hezkuntza publikoan. Kontuak kontu, errege-familiak nahiago izan du beti hezkuntza eta osasun pribatua bere menpekoek izaten dugun hezkuntza eta osasuna baino. Erdi Aroko erakundea den aldetik: monarkiak XIV. mendean bezala bizitzen jarraitu behar du.

Ikusten dugunez, albistegietako protagonistek ez dute kontu handirik egiten dutenarekin, baina ezta esaten dutenarekin ere: bai, Garrido epaileaz eta bere adierazpenez ari naiz.

Garrido jaunak esaten duenak ez luke garrantzi handiagorik izango gure koinatuak esango balu; zorionez gure koinatuak ez baitu hain erabaki garrantzirik hartu behar.

Hori bai, inork ezin dio Garrido jaunari leporatu esaten duenarekin koherentea ez dela.

Bilatu