Zirrikituetatik begira, nor?
50 urte aspaldi, mende erdia beraz, Nafarroako Iruñean atxilotu ninduten Leire tabernan, Leire eta Amaya kale arteko izkinan bertan. Hitzordua nuen. Tranpa. Garai haietako BPSek oso ondo antolatutakoa hain zuzen. Orain ez dago taberna hori etxe osoa bota eta eraikin berria altxatu baitzuten. Orain farmazia ederra. Han inguruan zegoen Gobernu Zibilera eraman ninduten bortizki. Egunetan infernua nolakoa izan zitekeen ongi bezain ongi ezagutzeko aukera malapartatua. Ezin ahaztu. Betirako nire barne erraietan, garunean eta bihotzean. Infernua. Beheko ziegetan gauetan (ote) saiatzen nintzen lasaitzen eta ahal nuen neurrian lo egiten. Txandakatzen ziren bi zaindari nituen ziega zikinean. Garai haietako «grisak» hain zuzen. Bata adindua, gizena, txikia, gaiztoa, matoia, jo egiten ninduen gupidagabeki bere porra zaharrarekin inolako motiborik gabe ni lurrean kiribildua.
Baina bazen beste bat gaztea, oso, ni bezain gaztea edota agian urte pare bat gehixeagoko polizia. Nago gupidaz eta penaz begiratzen ninduela. «Hola Bujanda» esan, eta nire ondoan eseri. Ezkutuan, isilean, mokau bat ematen zidan, urdaiazpikoa edota txokolate pixka bat. Ez zidan ezer galdetzen, inoiz ez, ezer ez. Animo! esanaz garagardo bat eskaintzen zidan bitartean. Alboan eserita nik ekarritako jan eta garagardoa amaitu arte. Banekien gure arteko sekretu txiki-handia zela. Hiru gautan berekin beste hirurak potolo kabroiarekin. Gaztearen aurpegi adeitsua garunean daukat, ezin ahaztu. Sei egun amaigabeen infernuan ikusitako aurpegi gizatiar bakarra. Ez dakit nor zen, ez dakit bere izen abizenik, nongoa ote, ez dakit bizi den, ezin jakin zer izan zen bere bizitzaz. Ezin ahaztu. Agian berak ere nire aurpegi jipoitu eta zigortua begi ninietan ere. Berak bazekien ni Bujanda nintzela, nik ez berea. Ez dugu inoiz berriro elkar ikusi-ko. Baina beste mundua deritzan horretan elkar ikusteko aukera izango bagenu, nik bere begietara so egin eta gauza bakarra esango nioke: Eskerrik asko! Baina, baina, nor zinen? Nor?