Demokrazia gosea da herri honen indarretako bat
Euskal Estatuarekiko duten jarrera dutela, independentziaren alde edo kontra egon, euskal herritarren gehiengo zabal batek erabakitzeko eskubidea defendatzen du, bai auzi politikoetan baita sozialetan ere. Euskal Herriko lurralde guztiak kontuan hartuta, Naziometroan parte hartu dutenen %66,5 etorkizun politikoa bertan erabakitzearen alde daude. EAEn aldekotasuna %71,7koa da, Nafarroan %70,6koa eta Ipar Euskal Herrian %67,7koa. Aldiz, erabaki nahi ez dutenen kopurua %20ko langaren azpitik geratzen da lurralde guztietan. Demokraziaren aldeko joera hori oso nabarmena da, baita Euskal Estatuaren aurka dagoen gehiengoaren kasuan ere (inkestaren arabera, herritarren %42 independentziaren aurka daude eta %27 alde). Galdeketak erakusten duenez, aldekotasun hori adostasun testuinguruetan indartzen da, alegia, indar politikoen artean erabakitzeko epeak eta formulak adosten direnean. Kontsentsuak duen aldekotasun mailak azterketa merezi du. Adostasuna ekidin nahi duten taldeen interesak azalarazten baititu, besteak beste. Aldi berean, talde eta herrialde guztietan euskal lurraldeen arteko harremanak estutzearen aldeko jarrera indartsua da.
Euskal burujabetzari buruzko inkestaren bigarren saio honek espainiar Estatuan zein frantziar Estatuan indartzen ari den joera autoritarioarekin kontraste handia erakusten du. Ildo horretan, bi estatuetako jendarteak eta euskal jendartea etengabe elkarrengandik urruntzen ari direla dirudi. Oraingoz horrek ez ditu botere harremanak aldatzen, jakina, baina gehiengo zabalak osatzeko aukerak ematen ditu. Demokraziaren aldeko jarreratik abiatuta alternatiba politiko integralak osatu daitezke eta eskaintza politikoa berritu daiteke. Naziometroak erakusten duenez, independentismoa ez baita identitateak markatutako kutxa itxi bat, baizik eta baldintzen eta interesen arabera aldatzen doan talde bat. Balioen arloan, askatasunaren aldeko bidean, demokraziaren defentsa etorkizun handiko baliabidea izan daiteke.