Ekialde Hurbila sutan, Israelen kalkulu hotza
Ekialde Hurbila, petrolioan aberatsa baina gerrek hondatua, iraganeko baldintza aldakorretatik aurreikusi ezin diren posizioetara mugitzen ari da. Eta trantsizio hori potentziek arduraz kudeatzen ez badute, iraganekoak eta sortzen ari diren faila guztiek eskualdea sutan jartzeko aukerak handitu ditzakete. Gazako gerra prozesu horren katalizatzailea da, eta, ondorioz, Israel eta AEBak beren betiko etsaiarekin, Irango Errepublika Islamikoarekin, gerra ireki batera bultzatu ditzake. Hitzez, aldeek ezezkoa diote, ez dutela horretarako asmorik, baina, ekintzez, begia begi truk, elkarri kolpe militarrak ematen ari dira.
Justiziak setiatua duen Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak burdinazko ukabilez Gaza erabat hondatu eta Zisjordania guztiz kontrolatzeaz gain, Iran eta hark babesturiko indarra (Hezbollah Libanon, Hutiak Yemenen, Siriako gobernua eta bertako eta Irakeko milizia xiitak), kausa palestinarra defendatzen duen «gaizkiaren ardatza» deitzen duena, suntsitu nahi du. Urruti gabe, atzo bertan Israelgo abiazioak Damaskon Siriako eta Libanoko indarrak koordinatzen zituen jeneral irandarra hil zuen. Bistan da, Tel Avivek «mehatxu existentzialen aurka» gerra zabaltzea nahi duela, kosta ahala kosta Teheran lokatz horietara eraman nahi duela, «hilketa selektiboetatik» harago Ekialde Hurbila sutan jartzeraino, AEBek erabat lagunduko dioten konbentzimenduz. Iranek, oraingoz, bere beso libanoar eta yemendarrekin jokatuz erantzun du batik bat, Israel gerraren ahaleginarekin tentsionatu eta Gazako egoerak nazioartean ahuldu eta barne mailan lehertuko duen esperantzaz dihardu.
Baina Iran ere prestatu da horretarako, gerra handi baterako, bere indarrak gordez, Errusia eta Txinarekin dituen harreman estuak baliatuz. Sinesgaitza da Teheranek Israelen aurka, edo AEBen aurka, edo bien aurkako gerra batean, Moskurekin eta Beijingekin bere estrategia koordinatuko ez duela, hauen babes diplomatiko eta materiala izango ez duela pentsatzea. AEBek ez liokete ez ikusiarena egin behar errealitate honi, bere aukerak zein diren aztertzean, Gazaren aurka noiz arte eta zenbateraino lagundu dezakeen Israel erabakitzean.