Herri Urrats, herri baten bizitasunaren eztanda balorea

Pandemiak behartutako bi urteko parentesiaren ondoren, Herri Urratsen itzulera izan zen atzo. Senpereko aintziran, eguerdiko eguzki handiaren pean, herri baten bizitasunaren eztanda frenetikoa gertatu zen. Beste behin, berriz ere. Hamarnaka mila euskaldun eta euskaltzale batu ziren Ipar Euskal Herriko ikastolen festaren 39. edizioan parte hartzeko, giro arnasgarri betean. Herri egiten gaituen ekimenean poza eta gogoa izerditu zen nonahi, festa eta aldarrikapena.

Atzoko hitzordua hain ederra, sentitua eta ondo antolatua izateko milaka boluntariok egindako lana nabarmentzekoa da. Baita bertaratutakoen ekarpen ekonomikoa ere, Senperen bertan eraikitzekoa den Seaskaren bosgarren kolegioa ordaintzen laguntzeko emandako bultzada. Gure herriaren balio komunitarioen erakusgarri dira eskuzabaltasuna, irauna, auzolana... herri egiten gaituzten balioak denak. Herri Urrats ez da jai hutsa, baina. Euskaldunon eskubideak baieztatu eta dagokiguna geure egiteko deia ere bada. Seaskako ikasleek brebeta eta baxoa euskaraz pasatzeko eskubidea dute, eta herri euskaldunaren betebeharra da aldarrikapen hori lau haizeetara zabaltzea. Herri Urratsen ikusgarri egin zen herria ez dagoelako bakarrik euskararen alde, ez duelako soilik euskara ospatzen, euskarari bere egunerokoan tokia eman nahi dio, betetasun osoan, anputaziorik gabe. Eta ez du nahi hori aldarrikapen hutsa izatea, egingarri bilakatu nahi du. Eta hartara doa.

Herri Urrats hitzordu jendetsua da, baina hitzordu bat baino gehiago da Euskal Herriarentzat. Erotzekoa den punturaino gozagarria, herri euskalduna trinkotzen duen ekimena. Zapore herritar itzela duen egun kuttuna, ohitura egindakoa, memoria, nor garen, zer garen oroitzen diguna. Azken finean, liluratzen duen ondare kolektiboa da, ospatua eta goratua izan beharrekoa, mugitzen duen guztiagatik aintzat hartzea merezi duena. Parekorik ez duen balioa bat daukalako: sustatzen dituen eta herri egiten gaituzten balio horiena guztiena.

Bilatu