Langile borrokak fruitua ematen du

Tubacex-eko langileak euren lanpostuak defendatzeko gauzatzen ari diren borrokak beste norabide bat hartu zuen atzo. Greba luze baten ostean, auzitegiek kaleratzeak baliogabetzat jo zituzten, baina enpresak helegitea jarri zuen eta kaleratutako langileak berriro onartzeari uko egin zion. Egoera horretan, langile batzordeak greba mugagabearekin jarraitzea erabaki zuen, kaleratutako langileak lanera itzuli arte. Hori ikusita, enpresak eskaintza bat helarazi zuen atzo, Eusko Jaurlaritzako Industria Sailaren bitartez, langileak baldintza jakin batzuetan berriro onartzeko. Orain langileei dagokie erabakitzea. Akordioak akordio, enpresari epaiaren helegitea kentzeko exijitzen diote langileek, Gorenak irabazitako guztia desegin bailezake.

Beharginen erabakia edozein dela ere, Tubacexeko borrokak gutxienez bi kontu utzi ditu agerian. Alde batetik, langileen borrokak fruituak ematen dituela erakutsi du. Enpresako zuzendaritzak oztopo ugari jarri baditu ere, eta erakundeen babesa izan badu ere, langileen arrazoiak pixkanaka zabaldu dira eta ia ehun enplegu industrial salbatu dira Aiaraldeko eskualdean. Borroka honekin, sindikalismoak gizarte justuago bat eraikitzeko ekarpen garrantzitsua egiten duela erakutsi du. Enplegu duinaren defentsan eta aberastasunaren banaketan ezinbesteko ekarpena egiten du gure jendartean.

Bestalde, gatazka hau dela-eta, zalantzarik gabe, izen ona galduko du enpresak, harrokeriaz jokatzeagatik. Gauzak muturreraino behartu ditu, eta epaileek arrazoia eman ez diotenean ere, bere jarrerari eutsi dio. Izen txar hori euskal patronalari ere zabal dakioke; izan ere, Tubacexen jarrera defendatu du, ñabardurarik gabe, bere sen autoritarioa erakutsiz. Lakuako Exekutiboak ere enpresako zuzendaritzaren alde egin du, baita borrekin ere, argudioek huts egiten zutenean. Horiek guztiek ekarpen eskasa egin dute enpleguaren defentsan eta herri honen ongizatearen garapenean.

Bilatu