Pobrezia eta migrazioa: kausak ulertzea da gakoa
Sarritan pobrezia ia aldatzen ez den fenomeno gisa ikusten da, ñabardura berririk gabe. Hala ere, pobrezia denborarekin eraldatzen doan prozesu dinamikoa da. Batzuetan krisi ekonomikoen eragina da faktore nagusia, beste batzuetan eskubideak urratzen dituzten lege aldaketak. Izan ere, ez dira langabezia, finantza krisia, etxegabetzeak eta alokairu ikaragarri garestiak bakarrik. Pobreziaren beste zati garrantzitsu bat lege bidegabeen aplikazioaren ondorio zuzena da. Aldaketa horiek Josean Villanueva Paris 365 jantoki sozialaren sustatzaileetako batek deskribatu ditu GARAk gaur argitaratu duen elkarrizketan.
Villanuevaren eskarmentuaren arabera, pobrezia sozioekonomikoa handitzen ari da. Alokairuen prezioen eta lan prekarioen ondorioz, kalean bizi den jendeaz gain, beste pertsona askok, batzuk lan ordainduarekin, jantoki sozialera hurbildu behar izaten dute. Arrazoi sinple batengatik: bere diru sarrerak ez direlako nahikoak. Etxebizitzaren garestitasunaren eta prekaritatearen hondamenak gero eta nabarmenagoak dira euskal gizartean. Baina deigarria da Atzerritarren Legeak eragiten duen pobrezia, batez ere, gazte migratzaileen kasuan. Tutoretza instituzionala uzten dute adin nagusitasuna betetzen dutenean, baina ez dute ezer egiteko aukerarik, paperik ez dutelako. Muga instituzional horrek kalean bizitzera behartzen du, nahiz eta lana egiteko edo eta ikasketak jarraitzeko gogoa erakutsi. Eta egiturazko biolentzia hori aintzat hartzea ezinbestekoa da, ematen diren bestelako egoerak kudeatzeko. Izan ere, perspektibarik ez duen eta kalean bizi beharraren etengabeko presioaren eraginpean dagoen gazte batek tirabirak sor ditzake. Herritarren segurtasun arazo gisa planteatzeak ez du ezer konpontzen, eta indarkeria gehiago baino ez du eragiten. Villanuevak ondo adierazten duen bezala, egin behar dena ez da «pertsonak satanizatzea, kausak ulertzea baizik».
Euskal gizarteak gazte migratzaileen lan ahalmena behar du, baina ez soilik ikuspuntu berekoi batetik, baita gizarte justuago bat eraikitzeko ere. Hortaz, Atzerritarren Legeak instituzionalizatutako indarkeria desartikulatzea da erronka.