Datorren urtean 25 urteko ibilbidea osatzearekin batera agur esateko kontzertua iragarri zuen Gatibuk abenduaren 13rako Barakaldoko BECen. Bada, emanaldi horretarako sarrerak agortuta, beste bat iragarri dute astelehen honetan: abenduaren 12an izango da, ostiralarekin, areto horretan bertan, sare sozialetan iragarri dutenez.
❤️SARRERAK AGORTUTA! ❤️
— Gatibu (@gatibu) September 23, 2024
Mila esker guztioi bihotzez!
Bigarren datarako sarrerak GAUR 16:00etan
ABENDUAK 12https://t.co/nAceDiYYHR
#AgurEsanBarik2025 pic.twitter.com/9nrNnZjCgq
Abenduaren 13ko kontzerturako sarrerak astelehen honetan jarri dituzte salgai, goizeko 8.00etan, eta bi ordu eta erdi pasatxoan agortu dira. «Esker beroenak» eman dizkiete Gatibukoek sarrerak eskuratzeko nahia izan duten guztiei. Horrenbestez, eta izan duen harrera ikusita, bigarren kontzertu bat antolatzea erabaki dute.
Bigarrenerako ere sarrerak agortura
Bigarren kontzertu horretarako sarrerak astelehen arratsaldean jarri dituzte salgai, 16.00etatik aurrera, taldearen webgunean, eta hauek ere berehala agortu dira.
Gatibu Gernikan sortu zen, 2000. urtean, Alex Sardui eta Haimar Arejita elkartu zirenean. Orduan, Sarduiren ‘Txulufrina eta arrosa’ proiektua zuten esku artean, baina laster elkartu ziren Salazarrekin eta Mikel Caballerorekin taldea osatu eta Gatibu izango zenaren kantuak sortzeko.
Azken diskoa ‘EH distopikala’ izan da, eta artxiboan argitaratu gabeko auskalo zenbat abesti geratuko zaizkien. Azken denboratan dena lasaiago hartzen ari ziren, bukaera baten hasiera moduko batean murgilduta ziren, baina «ganoraz eta guztiak zapore onarekin direla» esan nahi dute agur. Beno, hobeto esanda, «agur esan barik, badoiez».
Gatibuko kideek agurraren zergatiak azaldu zituzten NAIZ Irratian egin zieten elkarrizketan.