Haritz LARRAÑAGA
BAIONA

«Baldintza eskasetan» hasi dute ikasturte berria Seaskako ikastoletan

Gurasoek ikastoletan antolatutako mobilizazioekin hasi zen ikasturte berria atzo Ipar Euskal Herrian. Seaskak bere dirutik ordaindu behar izan ditu frantses Estatuak ukatu dizkion 14’5 irakasle postuak. Gaur Akademiako errektorearekin bilduko dira Seaskako kideak.

Ikasturte berria 250 ikasle gehiagorekin baina behar baino irakasle gutxiagorekin hasi zuten atzo Seaskako ikastoletan. Nahiz eta frantses Estatuak ukatu dizkien 14’5 postuak Seaskak bere dirutik ordaindu, «kalitatezko hezkuntza eskaintzeko baldintza eskasetan» direla salatu zuten gurasoek deitutako mobilizazioetan parte hartu zuten ehunka lagunek.

Baionako Ohiana ikastolan, esaterako, behar zituzten 8 postuetatik 7 bete dituzte, horregatik irakasle baten faltan, 22 ikasleko muga gainditu eta 24 ikasle irakasle bakar batekin izango direla azaldu zion GARAri Odile Iriart zuzendariak.

Mobilizazioak ikastoletan

Gurasoek deitutako mobilizazioek erantzun eta forma desberdinak izan zituzten. Baionako Estitxu Robles kolegioko guraso eta ikasleek adibidez, aldarria errepide bazterrera eraman zuten autoan pasatzen ziren bidaiariek ikus zezaten. Elkarretaratzean zen Mañolo Espellet kolegioko zuzendaria kexu zen, zeren «Seaskak postuak bere gain hartu dituenez, kanpotik begiratuta badirudi dena ongi dagoela, baina ez da horrela, sakoneko arazoa oraindik hor da eta urtez urte okerrera joango da, zeren Seaskak ezin du betirako horrela jarraitu».

Ikastetxe batzuetan gurasoek gelak okupatu zituzten eta ez zen klaserik izan. Aitzitik asko izan ziren goizean zehar gurasoek egin zituzten elkarretaratzeak. Ziburun, Basabürüan, Angelun edo Ipar Euskal Herriko beste edozein ikastolaren atarian ozen entzun zen «Kasu, ikastolak kexu!» aldarria. Ondorioz, ikasturte berriko lehen egunean normaltasunik eza izan zen ezaugarri nagusia Seaskako ikastola gehienetan.

Esperantza handirik ez

Gaur arratsaldeko bostetan Seaska eta Euskal Erakunde Publikoko kideak Akademiako errektorearekin bilduko dira eta irakasle postuen afera mahai gainean izango da, baina «esperantza handirik ez» dutela aitortu zion prentsari Hur Gorostiaga Seaskako zuzendariak.

Izan ere, azken bederatzi urteetan Frantziako Hezkuntza Nazionalarekin adostua zuten hitzarmena bertan behera geratu dela azaldu zuen Gorostiagak. «Bagenuen hitzarmen bat, ez dute bete, eta aurtengo ikasturteko arazoa ez dago konpondua», nabarmendu zuen Seaskako zuzendariak.

Lau egun eta «Marseillaise»

Ikasturte berria giro nahasian hasi da aurten Ipar Euskal herriko ikastoletan, baina horri guztiari Estatu frantseseko hezkuntza sistemak ezarri dituen aldaketak gehitu behar zaizkio. Besteak beste, hiru urtez lau egun eta erdiko asteekin funtzionatu ostean, lau eguneko astera itzuliko dira ikastetxe gehienak, baita Seaskakoak ere.

Horrez gain, Hezkuntza Ministerioak ezarri duen lege baten arabera, aurrerantzean nahitaezkoa izango da 8-9 urtetik gorako haurrek “Marseillaise” ereserki nazionala ikastea.