Pello Otxandiano

Burujabetza prozesuaren agenda soziala

Azken boladan eztabaidagai da herri honen pultsu soziala moteldu ote den. Despolitizazioa gertatu dela, apalaldian gaudela, tentsioa galdu dela, jendea ez dela lehen bezala mobilizatzen, ez dagoela askapen prozesuak aurrera egin dezan beharrezko kapital sozialik; eta ondorioz, ezinezkoa dela prozesuaren hauspoa zatekeen agenda sozial bat definitzea. Nago eztabaida honek ertz ugari dituela, hiru atal bereiziko nituzke gutxienez.

Baga: Ukaezina da gizarte-joera mendebaldar nagusien eragina. 2009an Aztikerrek egindako “Gazteak eta politika Gipuzkoan” –https://youtu.be/x8FPJY1QJ4Y– azterketaren emaitzak irakurrita mito batzuk zalantzan jartzen hasi ginen. Ordu hartan, gazte-belaunaldi berriek politikarekiko adierazten zituzten pertzepzioak errekonozitzea ere kosta egin zitzaigun testuinguru errepresiboak itota bizi ginelarik. Indibidualizazio prozesu sakon bat antzematen zen ikerketa horren emaitzen argitara. Orduz geroztik, hamarraldi bat igaro da, eta eskura bestelako daturik izan gabe, esango nuke joera horiek baieztatu eta kasuan sakondu ere egin direla. Globalizazio neoliberalak bete-betean jo gaitu bizi-moldeei dagokienez; ez gara hortik libratu gizarte gisa, ez gu ez beste inor, esan dezagun konplexurik gabe.

Biga: Esandakoa ukatu gabe, inpresioa dut prozesu sozialen emaitzak ebaluatzeko orduan aurreko zikloko eskemak erabiltzen ditugula. Estrategia aldaketatik honako urteekiko pertzepzio orokorra negatiboa da oro har ezker abertzalearen komunitatean. Blokeoa, etena, noraeza dira gehien entzuten diren berbetako batzuk. Zalantzarik gabe, halako estrategia aldaketa bat trantsizio prozesu konplexu bat baino ezin daiteke izan, eta krisia nabarmena da. Estrategia politiko-militarraren epikak ardaztu duen komunitatea krisian dago, bilaketa prozesuan, epika berriak gorpuztu nahirik, gizarte-baldintza berrietara egokitzeko ahaleginean. Eta horrek atentzioa merezi duela ez dut zalantzarik, herri honek ezker abertzalearen ekarpen politikoa behar duela sinetsita bainago. Alabaina, faktore endogenoez gaindi, azken urteetako bilakaera sozial eta politikoa aztertzerakoan, zer eta nola neurtzen dugu? Euskal Herria komunitate autozentratu gisa antolatu eta demokratikoki garatzeko ahaleginak zer eman du azken hamarraldian?

Badira ilunak baina badira argiak ere. Bi prozesu azpimarratuko nituzke, salto kualitatibo bat suposatzen dutenak herri-ikuspegitik: Nafarroako erregimenaren destituzio prozesua eta Lurralde Elkargoaren sorrera. Hiru gizarte-ekimen aipatuko nituzke, eredugarriak eta garaipen politikoak ekarri dituztenak: Gora Gasteiz, fracking-aren aurkako herri-ekimena eta armagabetzea. Bi mugimendu sozial zeinetan energia eraldatzaile berritua antzematen den: feminismoa eta euskalgintza –Korrika, Euskaraldia–. Eta azkenik, uste dut ez dakigula baloratzen azken urteetan udalgintzaren abaroan egin den herrigintza lana.

Higa: Diskurtso eta praktika eraldatzaileen eta burujabetza politikoaren aldarrikapenaren arteko lokarri batzuk eten dira. Eta horrek bai, kezkatzen nau. Hezkuntza komunitatean eztabaida bizia dabil –lan-baldintzak, murrizketak, eta abar– baina ez da eztabaida hori hezkuntza sistema propio baten beharrarekin lotzen eta hortik burujabetzaren aldarrikapena egiten, noiz eta inoiz baino agerikoagoak direnean marko autonomikoaren mugak. Euskalduntze fase berri baten beharra mahaigaineratu dute euskalgintzako ahots ezberdinek. Nabarmenak dira hemen ere egungo politiken mugak, eta baita jauzi kualitatiboak emateko burujabetzaren beharra ere. Inork ez du, ordea, publikoki EAEko Estatus Politikoaren eztabaida interpelatzen zentzu horretan. Martxoak 8ko grebaren agirietan ere ez da herri-burujabetzaren eta feminismoaren arteko uztarketa argirik ikusten. Pentsioen gaiarekin beste hainbeste. Eta Eskubide Sozialen Kartak iragarri duen Herri Ekimen Legegileak ez ote luke Estatus Politiko berriak gizarte babeserako konpetentzia guztiak jaso ditzan aldarrikatu beharko?

Badago prozesua elikatu dezakeen agenda soziala. Badago kapital soziala. Herri-burujabetza izango ote den garai honetan egiten diren galdera nagusien erantzuna? •