Alessandro Ruta
MAFIA ETA ITALIAKO ESTATUA GERRAN ZIRENEAN

Giovanni Falcone epaile italiarra hil zuteneko 30. urtemuga

1992ko maiatzaren 23an, Cosa Nostrak Giovanni Falcone epailea hil zuen, ikaragarrizko atentatu batean. Une oso garrantzitsuan gertatu zen, egun hartan Legebiltzarra Errepublikako presidentea nor izango zen erabakitzen ari zelako. Italiako hainbat hiritan minutu bateko isilunea egin zuten astelehenean, 17.57an, hil zuten ordu berean.

Bostehun kiloko lehergailu bat, autobidearen azpian. Bost hildako, eta horiekin batera gerra adierazpen bat. Eta leku bat, Capaci, Palermotik oso gertu. Italian oso jende gutxik zekien herritxo hori mapan kokatzen, 1992ko maiatzaren 23a heldu zen arte. Aldiz, atentatuaren biktima ezin ospetsuagoa zen: mafiaren kontra irabazi zuen Giovanni Falcone epailea. Inoiz ez zuen galtzen Cosa Nostrak, Falcone agertu arte. Beti detailetxo batek, lege idatzian ala epaiketetan, ikertzaileen lana ezabatzen zuen. «Mafia? Ez da ezer, tira», edo «komunisten asmakizuna da» sarri entzuten zen, eta horren ildotik dena poliki-poliki ahaztu egiten zen.

Don Vito Corleone, “Il Padrino” filmaren protagonista alegia, ez zen asmatutako norbait, ez eta gutxiagorik ere. Agian karikatura bat, baina pertsonaiaren nortasunaren adierazgarria: tentagarria eta aldi berean krudela, alde batean lagungarri eta bestean mendekuzale. Michael, bere semea, oso desberdina zen, nahiz eta betidanik mafiako kide izan. «Baztertu ezin izango duen proposamena eskainiko diot», betiko esaldi bat.

Finean, Cosa Nostra ez zen bakarrik bibotedun siziliar talde bat, bizimodu bat baizik. Gaur egun ere, bururatzen zaidana karikatura da batez ere: Falconek dena susmatu zuen, lankide batzuekin, «Palermoko pool»-a.

Sekulako makroepaiketa bultzatu zuen eta espetxera bidaliko zituen ehunka mafiazale, ehunka boss. Epaiketa hori izango zen Falconeren benetako zigorra, Capaciko ekintza gertatu arte. Italiarentzat, gainera, oso momentu erabakigarrian.

Tommaso Buscetta

«Kriminalitatea gehi adimena gehi isiltasuna». Nola definitu daiteke mafia? Horixe da deskribapena, Tommaso Buscettak, boss handienetako batek, egina. Eta isiltasun hori, benetako mafiarena, ez da soilik isiltasuna; italieraz «omertà» da hitza, eta zinez zaila da itzultzea.

Omertà, zer da? Denaren jakitun izan arren, isilik geratzea. Eta jakitea, zer? Ba, esaterako, kalean gertatu den tiroketa bat mafiako kideen artekoa izan dela, edo lan egiteko aldeko boss bati diru asko eman behar diozula. Baina beti ahoa itxita.

«Luca Brasik arrainekin hitz egingo du», “Il padrino”-ko beste esaldi ahaztezin bat: Luca Brasi mafiazalea hil zela adierazi nahi zuen. Tommaso Buscetta, aipatu bezala, bossik garrantzitsuenetako bat zen. Ez zuen Luca Brasiren amaiera berdina izan, baina mafiak hamaika senide hil zizkion, batez ere Poliziarekin eta epaileekin hitz egiten hasi ondoren. Damutu egin zen bi munduen bossa –Buscettaren ezizena, Hego Ameriketan bizi zelako–.

Hitz egin nahi zuen, eta entzuteko prest zegoen Giovanni Falcone. Palermokoa zen epailea, La Kalsa auzokoa: «Kalsa» hitz arabiarra da, eta «garbia» esan nahi du. Egia esan, turismoari begira, etxeak, elizak eta jauregiak arabiarrak direla dirudi. Azken batean, estilo nahasketa handia du Palermok: arabiarra, normandiarra, Aragoikoa...

Falconeren lagunik hurbilenetariko bat bihurtuko zen beste epaile bat: Paolo Borsellino. Bera ere La Kalsakoa, mafiak sustrai sakonak jarriak zituen auzokoa. Baina beste istorio bat da, eta beste atentatu bat izango da.

«Buscetta ezagutu baino lehen –azaldu zuen Giovanni Falconek, ‘La Republica’ egunkariaren elkarrizketa batean– mafiari buruz azaleko ideia bat genuen. Berari esker, Cosa Nostraren barrura begiratzen hasi ginen. Buscettak fenomenoaren ikuspegi globala eman zigun, eta ezinbesteko interpretazio bat eman zigun: hizkuntza bat, kode bat. Guretzat, keinuz hitz egin beharrik gabe turkiarrekin solastatzeko aukera ematen dizun hizkuntza irakaslea bezalakoa izango zen».

1986ko otsailaren 10ean Palermoko Auzitegian mafiaren kontrako makroepaiketa hasi zen: sei urte geroago, Falconek, kasuko fiskalak, irabaziko zuen eta ehunka mafiako kideri espetxe zigorra ezarri zitzaien.

Ikur eta xede

Palermoko epailea ikur bihurtu zen, nahiz eta prozesua oso zaila izan zen. Siziliako gizartean, egia esan, denak ez zeuden horrekin pozik; izan ere, askori mafiak babesa ematen zion, edo lanpostu bat. Horregatik italieraz Cosa Nostraren beste ezizen bat la piovra” (olagarroa) zen, edonora iristeko ahalmena zuelako. Dena isilaraz dezakeen animalia.

La Kalsako fiskala, bestalde, oso gizon mediatikoa zen. Eraginkorra ere bai; telebistako programetan parte hartzen zuen, esate baterako. Falconeren aurpegi bizarduna, errespetua eragiten zuen itxura, begiak beti apurtxo bat triste, laster Italiako edozein etxetan ezagutuko zuten. Baina Falconek inoiz ez zuen bere arrakasta gozatzerik izango. Epailearen kontra ez zegoen soilik mafia, baizik eta politikaren munduaren parte handi bat ere bai, Cosa Nostrarekin lotura oso sakonak eta banaezinak zituelako: Kristau-demokrazia alderdia (DC), esaterako, bai Sizilian eta bai «kontinentean».

Balea zuriaren (DCren ezizena) ordezkari batzuk nabarmen mafiazaleak ziren, dela Erromako Legebiltzarrean dela Gobernuan ere. Horietako bat Salvo Lima zen, 1992ko martxoan Cosa Nostraren talde batek hil zuena, Palermon bertan: makroepaiketa bukatu eta gero, hain zuzen ere. Falconeren kontrako porrotak prezio bat zekarren, mafiak babes politikoa galdu zuelako: Salvo Limaren gorpua, Mondelloko hondartzaren parean. Zerbait mugitzen ari zen, eta hurrengo pausoa, hurrengo xedea, Falcone izango zen. «L'attentatùni», atentatu handia, prest zegoen.

Quirinaleko partida

1992. urteak Italiarentzat inflexio puntua ekarriko zuen. Milanetik agertoki politikoa irauli zen; apirileko hauteskunde orokorretan Kristau-demokraziak beherakada handia izan zuen eta Errepublikako presidente Francesco Cossigak dimisioa eman zuen. Ustekabeko unea zen, Italiako Estatua biolin baten oso tenkatutako korda baten antzerakoa zen, oso gutxi falta zen musika tresna txikitzeko, zarata handia ateraz. Adituen arabera aldaketa horiek Bigarren Errepublika sortu zuten.

Cossigaren dimisioak Quirinaleko hauteskundeak aurreratu zituen. 1992ko uztailean izan behar zuten, baina gauzak hala egonda maiatzera aurreratu zituzten, Parlamentua guztiz berritu eta kontrolatu ezinean.

Kristau-demokraziak berriro ere bere ordezkari bat nahi zuen, Francesco Cossigari lekukoa hartuko ziona. Faborito nagusia Giulio Andreotti zen, agertoki politikoaren gizonik trebeena: Il divo Giulio zazpi aldiz lehen ministro izana zen, eta 34 aldiz ministro (besteak beste Ekonomiakoa, Barnekoa eta Kanpo Arazoetakoa). Botere erraldoia bildua zuen, baina aldi berean estilo arin eta ironikoaz garatua: liburuak idazten zituen eta umorezko telebista saioetan hartzen zuen parte.

Ultrakatolikoa, ultrakontserbadorea eta ultramakiavelikoa, Henry Kissinger AEBetako Estatu ordezkariaren oso lagun estua zen. Gaur arte Andreottiren esaldi pare bat buruz ikasten dira Italian, “Agur Maria”-ren moduan: «Il potere logora chi non ce l'ha» (boterea ez daukanak higatzen du) eta «pensar male è peccato, ma spesso si indovina» (gaizki pentsatzea bekatu bat da, baina maiz asmatzen da).

Egia esan, Andreottiri buruz bazen gaizki pentsatzea. Ikerketa batzuek mafiarekin zituen loturak seinalatzen zituzten eta oro har ustelkeriaren ikur bat zen, baina 1992ko maiatzean berriro ere lehen ministro genuen.

Kristau-demokraziaren estrategia, Quirinaleko hauteskunde hauetarako, ondo zehaztua zen. Andreottiren izena arriskutsuegia zen, beraz, bestelako hautagai bat ere beharrezkoa zen lehian. Esate baterako, Arnaldo Forlani, DCko idazkaria. Ezizenak benetako pertsonaren erradiografia bat direla aipatu ohi da, eta Forlanirenean betetzen da aipua: Coniglio mannaro, hau da, gizon untxia. Ez zen gizon otsoa, agintari beldurti eta txikia baizik.

Maiatzaren 13an abiatu ziren Quirinalerako hauteskundeak. Ohi bezala, hasieran akordiorik ez zen izan, baina 16an dagoeneko Forlaniri ehunka boto eman zizkion Legebiltzarrak. Ehunka, bai, baina ez nahikoak.

Kristau-demokrazia ez zen ohartu Legebiltzarra guztiz desberdina zela, alderdi berri batzuk bertan zirelako: Lega Nord, esate baterako, edo Erradikalak, antisistemak, labur esanda. Beraz, betiko jokoek, betiko trikimailuek, jada ez zuten balio.

Brusca, botoia sakatu zuena

Estatuaren eta Kristau-demokraziaren kontra zegoen mafia, baina barneko gatazka bat ere bazuen. Corleone-ko familiek irabaziko zuten, azkenik, eta «buruen buru» gisa Salvatore Riinak kudeatuko zituen kudeatu beharrekoak: bere alboan Bernardo Provenzano, Luciano Liggio eta Leoluca Bagarella taldekideak zeuden, besteak beste.

Falconek bere bizitzaz ordaindu beharko zuen, baina honezkero fiskala ez zen Palermon bizi: Erroman lan berri bat eskaini zioten, auzi penalen zuzendari gisa, Justizia ministroaren babesaz. Asteburuetan itzultzen zen etxera, hegaldi pribatuan, eta oso jende gutxik zekien bere mugimenduen berri. Mafiak, esaterako.

Logistikoki dena prest zegoen; Giovanni Brusca izango zen ekintzaren arduradun. Boss horrek autobidearen azpian zegoen lehergailuaren kontrolagailua zeraman, itxoitea baino ez zegoen.

Oso tipo zuzena zen Brusca: errukirik gabe beste mafiakide baten semea, Giuseppe Di Matteo, hil zuen, eta umearen gorpua azidoz betetako kupel batean desagerrarazi zuen.  

Falconeren autoa Punta Raisiko aireportutik atera zen, 17.57an Bruscak botoia sakatu zuen, eta autobidea hankaz gora jarri zuen 500 kiloko lehergailuak. Epailea, bere emazte Francesca Morvillo eta hiru poliziakide hil ziren.

Egun berean, Erroman, Legebiltzarrean, parlamentariek ezin izan zuten akordiorik lortu Errepublikako presidentea izendatzeko. Baina Capacitik etorri zen albisteak hauteskundeak bultzatuko zituen: Quirinalera ez ziren joango ez Andreotti ez eta Forlani ere, baizik eta Oscar Luigi Scalfaro, Kristau-demokraziaren beste ordezkari bat. Novarako abokatu ohia ultrakatolikoa zen, Andreotti bezala, eta zazpi urte nahiko nahasiak igaroko zituen, Berlusconiren gorakada eta ezegonkortasuna zirela medio. Capaciko atentatuaren biktimen hileta giroa oso gogorra izango zen. Hildako poliziakide baten alargunak, Rosaria Costak, negarrez, mafiako kideei mintzo, honela esango zuen: «Nik barkatuko zaituztet, baina belauniko jarri beharko duzue».

Falconeren hilketa ahaztezin bilakatu da. Une hartan bazirudien mafiak gerra irabazia zuela. Epaileak jakin bazekien zein izango zen bere patua.