Mikel Antza
Elkarrizketa
Miguel Castells
Burgosko epaiketan abokatua
Miguel Castells, Burgosko epaiketaren 50. urteurrena dela-eta egindako elkarrizketan. (Gorka RUBIA / FOKU)
Miguel Castells, Burgosko epaiketaren 50. urteurrena dela-eta egindako elkarrizketan. (Gorka RUBIA / FOKU)

Miguel Castells: «Ez dago askatasunik ETAri buruz hitz egiteko»

Miguel Castells Burgosko Prozesuko abokatu ezagunetarikoa da. Geroztik politikan aritu zen; Herri Batasuna koalizioko hautetsi izan zen Espainiako Senatuan eta Kongresuan joan den mendeko 80ko hamarkadan. 89 urterekin oraindik ere erretiroa hartu gabe dago. Buruargia, kirolaria eta umoretsua

1970ko abenduaren 9an amaitu zen Burgosko epaiketa; gaur 50 urte beteko dira. Miguel Castells abokatu lanetan aritu zen, eta gogoan ditu ordukoak eta ondoren etorritakoak ere. Paco Letamendiarekin batera idatzitako “El proceso de Euskadi en Burgos” berrargitaratu du, garai hartan gordetako hainbat jakingarri dakartzan hitzaurre mamitsu bat gehituta.

Hasteko, Euskaraldiaren garaian gaudenez, euskara al da gainditu gabeko zure ikasgaia?

Hala da. Baina ez dut etsi oraindik. Asteburuetan mendira joaten naizen lagun bati proposatu diot berriro ere euskara ikasteko izena eman dezagun. Arratsaldeko zortzietatik aurrera izan beharko luke, oraindik ere lan egin behar baitut eguneroko ogia irabazteko eta, batez ere, dentistaren fakturak ordaintzeko, nire adinean dentista oso garrantzitsua baita, baldin eta haragia jaten jarraitu nahi badut.

Saiatu al zara euskara ikasten orain arte?

Bost aldiz. Azkena, gaizki oroitzen ez badut, Gipuzkoako Abokatu Eskolaren eta AEKren arteko hitzarmena egon zenean. Urtebetez aritu nintzen. Busturiko lagun batek oroitarazten dit beti: «Miguel, zuk esan zenuen jubilatzerakoan hona etorriko zinela bizitzera eta euskara ikasiko zenuela». Euskara ez ikasteko jarraitzen dudala lanean esaten du.

Zure aitak ikasi zuen, ezta?

Bai, notario izanda, testamentuei garrantzi handia ematen zien, eta articulo mortisen zegoen norbaiti bere azken nahia hartzen ari zela, ez zen fio itzultzaileak esaten zionaz.

Eta zuk, zergatik ez?

Politikan kontzientzia hartu nuen herriak erakutsitako bidetik. Euskara ikas nezakeen unean, herriak ordainketarik gabeko abokatu lana egitea eskatu zidan. Ordu asko sartu behar izan nuen bizitzeko dirua irabazteko. Gero, politikan hasten etengabe bidaltzen ninduten Mexikora, Hagara... eta bitartean, taldeak ni gabe aurrera egin eta zama bihurtzen nintzen. Adinean aurrera buruak ez dizu berdin erantzuten. Esan behar dut ni ez naizela sentitzen erabateko euskal herritar. Ez da sentsazioa, errealitatea da, ezin dut bat egin nire herriarekin analfabetoa naizelako.

Erakunde iraultzaile bat, bere burua antolatzeko gaitasuna eskuratua zuen herri bat, herri mugimendu horretan parte hartzeko prest zeuden abokatuak eta beren ideien alde bizia emateko prest zeuden hamasei auzipetu gazte eta oso azkar

Burgosko Auzia. “Iraultza eta bizi!” komikian, gidoiaren beharrengatik Mario Onaindia galdekatzen duen abokatua agertzen da magnetofonoaren grabaketa botoia sakatzen. 50 urte igarota ere, oraindik ez da jakina nork egin zuen grabaketa. Norbaitek esan zidan Euskal Herrian dugun arazoetako bat dela denok jakin nahi dugula nork zer egin duen.

Gerra Kontseilua ofizialki grabatu zuten. Eta gure aldetik aipatu genuen grabaketa bat egin behar genuela. Orduko aparailuen irismen txikiagatik erabaki zen bi aparailu erabiltzea, elkarrengandik ahalik eta urrunen, kokagune estrategikoetan jarrita. Eta hori da dena. Ez dakit azkenean zenbat grabaketa egin ziren, bakarra, bi edo hiru. Eta ez dakit ere grabaketak nola atera ziren. Entzuteko moduan bakarra atera bazen, grabaketa hori egin zuen pertsonak jakingo du, eta berarekin hitz egin zuen pertsonak. Baina agian pertsona bakarra izan zen grabaketa egin eta zinta eraman zuena. Eta bizirik ote dago? Adibidez, eraman zuena Jose Antonio Etxebarrieta izan bazen, ez dugu inoiz jakingo.

Nor izan zen Jose Antonio Etxebarrieta?

Euskal Herriaren alde dena emateko prest egon zen pertsona. Orduan ez zeraman denbora asko abokatu lanetan. Pertsona enblematikoa izan zen. Baina, beste guztiaren gainetik nabarmendu nahi dudana da abokatuen lana talde-lana izan zela.

Urte gutxiren buruan, frankismoaren aurka elkarrekin aritutakoak politikoki etsaitu zineten. Horregatik, Burgosko Prozesuan batzuek izandako zeregina gutxietsi izan da. Gero Euskadiko Ezkerrako buruetako izan zen Juan Mari Bandres giltzarria izan zela entzuna dut.

Nik ez dut desmitifikatu nahi Bandresen figura. Ezta faltsutu ere. Abokatuen artean ongien ikusia zen. Moderatua zelako, katolikoa, enpresariak ere defendatzen zituena. Ideologikoki demokristau baskista zen. Nik esaten nion: «Juan Mari, zu zara nire ezinbesteko eskuina; baina, argi!, ni zure ezinbesteko ezkerra naiz». Atseden egunetan, Juan Marik esaten zuen: «Independentzia lortzen dugunean, nik Euskadiko Auzitegi Goreneko presidente izan nahi dut; eta zuk Miguel?». «Nik? Epaile, ez. Nik fiskala izan nahi dut!». Bera katoliko praktikantea zen, eta ni ez; berak langile eta enpresa jabeak defendatzen zituen, eta nik langileak baino ez. Tira, enpresariren bat defendatuko nukeen ETArekiko kolaborazio kasuren batean.

Paco Letamendiak dio bera Bartzelonan bilakatu zela gorri eta Burgosen, abertzale; Burgosko Prozesuak pertsonalki aldaketaren bat ekarri zizun?

Kontzienteki ez. Nire tesia da Burgosko Prozesua mitifikatu egin dela. Burgoskoa aurreko gerra kontseiluen ildoen segida izan zen. Azalpen arrazionala duen gertaera bat da. Euskal herritarren kontzientzia hartzea eta borrokarako gaitasuna in crescendo zihoan. Ondorioa: errepresio frankista. Burgosen frankismoak akatsak egin zituen, ez zelako konturatu aurrean zituela erakunde iraultzaile bat, bere burua antolatzeko gaitasuna eskuratua zuen herri bat, herri mugimendu horretan parte hartzeko prest zeuden abokatuak eta eskuzabaltasunez beren ideien alde bizia emateko prest zeuden hamasei auzipetu gazte eta oso azkar.

Eta Prozesuak nazioartean izan zuen oihartzuna...

Francok espero zuen, SESBen aurkako Gerra Hotza zela eta, Mendebaldeko Blokeak babestu egingo zuela. Ez zen ohartu gauza bat dela gobernua eta bestea herria. Gobernuak nazioarteko interes egoistak ditu; herriak, aldiz, justizia eta elkartasun ideiak. Gutxietsi egin zuen iritzi publikoak gobernuengan duen eragina. Nurenbergeko Prozesuaz geroztik, ez ziren sei heriotza zigor eta hainbeste kartzela urte eskatu. Baina Nurenbergen epaituak izan zirenak ziren epaile Burgosen. Agintari militar eta judizial gorena zen Garcia Rebullek naziengandik bi domina jasoak zituen, Dibisio Urdinarekin Errusiako estepetan haien alde borrokatzeagatik. Francori ez hiltzeko eskatu behar izan zioten gobernuek. Eta, gainera, eskaera publiko egin, herritarrek ikus zezaten entzun zietela.

Gerra kontseiluen izaera militarra nabarmendu zen...

Erregimen frankista diktadura militar bat zen. Ikusi besterik ez dago non dauden kokatuta kasernak Euskal Herrian: hiriburuen erdigunean, edo oso hurbil. 2009an, Luis Nuñezek hil hurren diktatu zuen artikuluak honela dio: «Nire herria militarki okupatua dago». Ez dut politologia egin nahi, baina nire inpresioa da erregimen politiko-militar baten menpe bizi garela. Konstituzioaren 8. artikuluak armadari agintzen dio lurraldearen defentsa. Orain Loiolako kasernatik aterako da armada espainiarra… ibaiaren beste aldera joateko, hiritik are eta hurbilago! Kokapen hobea, gune estrategikoak azkar batean okupatzeko. Armada oso garrantzitsua da Espainiako Estatuan. Juan Carlosek ahal zuenean janzten zuen uniformea, eta Felipek berdin egiten du.

Zer helburu zuen Francoren erregimenak Burgosko Prozesuarekin?

Diktadura militarrarentzat heriotza zigorra zen tresna erabilgarri bakarra. Ordurako, ETAk garrantzi oso handia zuen. Manifestazioak ETA ziren, haientzat dena zen ETA. Gerra kontseiluetako sententzia batzuetan esaten zen iparraldean status belici zegoela, gerra egoera. Erregimenak fisikoki deuseztatu behar zuen etsaia. Euskal Herriari eskarmentua eman. Frankismoa indartu nahi zuten sei hildakoekin, errebelatzen ari ziren espainiarrentzat ere abisua emateko, oroit zitzatela gerrako fusilamenduak eta gerraostean gertatutakoa. Eta aliatu zituen gobernuei erakutsi Francoren aurka borroka egiten zutenak hiltzaileak zirela, Espainiak bere burua defendatu behar zuela. Aurrera egin izan balute asko zegoen jokoan: Europar Merkatua, turismoa, eta herria oso bero zegoenez, enfrentamenduek Roberto Perez Jauregi asko ekarriko zituzketen.

Garai hura bizi izan zutenek oroimen lausoa izan dezakete gertatu zenaz. Aldiz, belaunaldi berrientzat aspaldiko kontuak dira. Nola azalduko zenuke Burgosko Prozesua izan zena?

Burgoskoa ez zen ezeren ez hasiera, ezta bukaera ere izan. Alde on asko izan zituen, baina baita txarrik ere. Frankismoak ikasi egin zuen nola jokatu behar zuen hiltzen jarraitzeko. Gerra kontseiluek jarraitu zuten, beste modu batez antolatuak, mobilizazio jendetsuak, salbuespen egoerak, sarekadak… eta amnistiaren aldeko borroka. Burgosko Prozesua ondorengo amnistiaren aldeko borrokan dago.

Burgosko Prozesuan ETAren aldarrikapenak hedatu ziren. Berrogeita hamar urte geroago ETAk bere burua desegin du, Espainia eta Frantziako kartzeletan berrehundik gora preso dago, eta euskal herritarrak ez gara estatu independente eta sozialista batean bizi. Kontakizun ofiziala ETAren porrotarekin tematuta dago. Duela hamar urte egunkari honetan bertan egin zizuten elkarrizketa batean zenioen borroka egitea garaipena dela. Sei hamarkadako borrokaren ostean, zer irabazi dute euskal herritarrek?

Galdera honetan garrantzitsuena ETAri buruz esaten ez diren hainbat gauza argitzea litzateke. Baina gauden egoeran ezinezkoa da. Auzitegi Nazionala eta berak aplikatzen duen salbuespenezko legedi antiterrorista dagoen bitartean, ez dugu adierazpen askatasunik izango ETAri buruz egiazkotasunez informatzeko. Une honetan ez dago askatasunik azaltzeko ETA nola eta zergatik sortu zen, ezta ere azaltzeko nola biziraun zuen urte horietan guztietan, Euskal Herria bezalako lurralde txiki batean, Espainiakoa den bezalako armada boteretsu eta moderno baten aurrean, Ameriketako Estatu Batuetako eta beste herrialde batzuetako gobernuen babesa izan duten diktadura frankistaren eta post diktaduraren baliabide guztiei aurre eginez. Uste dut kasu bakarra dela, Europan zalantzarik gabe, baina baita Mendebaldeko munduan, Latinoamerika barne. Egia esaten badugu, elkarrizketatua Auzitegi Nazionalera joango litzateke, baina baita elkarrizketatzailea eta GARAko zuzendaria ere. Egunen batean, galdera honi eta beste batzuei erantzun ahal izango zaie, adierazpen askatasuna egongo delako, sinetsita bainago, goiz ala berandu, Auzitegi Nazionala desegin egingo dela. Harritzen nauena da, gaur egun, alderdiek eskatuta Franco Erorien Haranetik atera duten bezala, nola ez duen inork eskatzen Francoren semebitxi den eta 1974ko Justiziaren Oinarrizko Legeak aurreikusten zuen Auzitegi Nazionala ixteko.