Sakine Cansiz, PKK Kurdistango Langileen Alderdiaren sortzaileetako bat; Fidan Dogan, KNK Bruselan egoitza duen Kurdistango Kongresu Nazionalaren Frantziako ordezkaria; eta Leyla Soylemez militante gaztea hilda aurkitu dituzte gaur goizaldean beren lagunek, Aktukurde.fr atariak azaldu duenez.
Hiru emakumeak Kurdistango Informazio Zentroan zeuden, Parisen, eta telefono deiei erantzuten ez zietenez, hara joan dira lagunak. Atea behera bota eta hiruren gorpuak topatu dituzte, buruan tiro bana zutela, Mehmet Ulker Frantziako elkarte kurduen federazioko idazkariak (FEYKA) esan duenez.
Poliziaren arabera, asteazken arratsaldeko lehen orduan hil zituzten hiru emakume kurduak, arma isilekin.
Erasoa Gobernu turkiarra Abdullah Oçalan buruzagi kurduarekin elkarrizketak hasi duen unean iritsi da. Oçalan kartzelan dago 1999az geroztik, isolamenduan.
Kurduentzat Turkia dago atzean, Ankararentzat «kontu-garbitzea» izan liteke
FEYKAk dei egin die Europako kurdu guztiei Parisera joan eta hilketa salatzeko. Elkarte horretako Leon Edartek salatu duenez, ekintza «Turkiaren ejekuzioa» izan da.
Ankarako Gobernuan dagoen alderdiko lehendakariorde Huseyin Celik-ek, berriz, hilketen atzean PKKren baitako «kontu-garbitzea» egon daitekeela adierazi du.