Naiz.info
Bilbo

U12ko «energia eta ilusioa» espazio guztietara zabaltzeko beharraz mintzatu da Herrira

Herriraren aburuz «ezinbestekoa» da sentibilizazio guztietako norbanako eta eragileen «aktibazioa, konpromisoa eta ekarpena erdiestea preso eskubideak, konponbidea eta bakea bultzatzeko». Hortarako lehen abagunea iluntzean bertan izan da, Azken Ostirala dela-eta antolatutako elkarretaratzeetan.

Herrirak elkarretaratzea egin du eguerdian Bilboko Udalaren aurrean. (ARGAZKI PRESS)
Herrirak elkarretaratzea egin du eguerdian Bilboko Udalaren aurrean. (ARGAZKI PRESS)

Gaur, hileko azken ostirala, Herrirak mobilizazioak deitu ditu Euskal Herriko herri, hiri eta auzo guztietan. Eguerdian, ordea, elkarretaratzea egin dute Bilboko Udalaren aurrean. Bertan elkartu dira urtarrilaren 12ko manifestazioaren aurreko kanpainan parte hartu zuten hainbat lagun.

Herrirak «ezinbestekotzat» jo du milaka eta milaka lagun batu zituen manifestazio hartan sortu zen «energia eta ilusioa» esparru guztietara zabaltzea. Eta ezinbestekoa da, bere aburuz, «auzo eta hirietan sentsibilitate ezberdinetako norbanako eta sektoreen aktibazioa, konpromisoa eta ekarpena erdiestea preso eskubideak, konponbidea eta bakea bultzatzeko».

Mugimenduaren iduriko, urtarrilaren 12ko argazkia «ez da urteko hitzordu batena, eztabaida, adostasun berriak eta mugimendu politiko eta instituzionalak eragin dituen inflexio une batena baizik».

«Olatua herrietatik eta hirietatik» datorrela azpimarratu dute, eta, «Autonomia kalean barna ibili ondoren, abiapuntura itzuli da, indartsuago eta biziago». Aurrerantzean, Herriraren eginkizuna «olatu hori bideratzea» izango da, «oinarritik antolatzea, ekarpen berriak jasotzeko eremuak ireki, indarrak bildu eta planteatu ditugun helburuekin bat datorren gehiengo soziala aktibatzea».

Herrirak bihar egingo du bere lehenengo Bilgune Nazionala, Irunen.

Azken Ostirala Euskal Herriko plazetan

Iruneko zita iritsi baino lehen, urtarrileko azken ostirala izanik, hiri, herri eta auzoetako plazetan euskal preso eta iheslarien aldeko elkarretaratzeak burutu dira.

Gasteizen, adibidez, saharar talde batek ere elkarretaratzea egin du, duela bi urte Saharan burututako protestak direla-eta auzipetutakoei eta haien senideei elkartasuna adierazteko.

Galdakaon, ostera, Xabier Bidaurreri elkartasuna adierazteko manifestazioa eta burrunbada antolatu dute. Entzutegi Nazional espainolak urtebeteko espetxe zigorra ezarri dio, presoen aldeko pankarta batean bere hatz markak agertu zirelako.