Gasteizko Udalean bi mozio eztabaidatu dituzte gaur, eta biak aurrera atera dira, EAJ eta Bilduren botoekin.
Bilduk aurkeztu du mozioetako bat eta bertan espetxealdia luzatzen duen 197/2006 doktrina «berehala» indargabetzeko eskatzen du, baita neurri hori aplikatu dieten euskal presoak aske uzteko. Horrekin batera, «Euskal Herrian bizi dugun itxaropen eta konponbide aukeraren aurrean, euskal presoen aurkako salbuespeneko legeria bertan behera uzteko» galdegiten du.
Mozioa herritarrei eta Europako Kontseiluko Giza Eskubideetarako Mandatari Nils Muiznieks-i bidaliko diote.
Blduk eta EAJk alde bozkatu dute, eta PPk eta PSEk aurka, baina une horretan bi alderdi horietako zinegotzi guztiak osoko bilkuran ez zeudenez –PPko bost eta PSEko bat falta ziren–, aurrera atera da.
Beste mozioa EAJk aurkeztu du eta «sakabanatze, urruntze, inkomunikazio eta gaixorik dauden presoen eskubideen urraketa-politika» bertan behera uzteko eskatzen du. Gainera, «preso dauden pertsonen eskubide guztiei zor zaien begirunea erakustea» exijitzen du. Hirugarren puntuan kasu bakoitzean «legokiokeen onuren ezarpena edo kartzelatik ateratzea» eskatzen du, «inongo diskriminazio edo bidegabekariarik gabe».
Jeltzaleen eta Bilduren botoekin onartu dute testua. Bilkuran zeuden PSEko bost zinegotziak abstenitu egin dira, eta PPkoek aurka bozkatu dute.
Marotok ez du beteko
Gasteizko alkateak, Javier Marotok, ebazpenaren aurka dagoela adierazi du ohar batean eta ez duela beteko iragarri du, «loteslea ez delako». Horrela, EAJren mozioak eskatzen zuen bezala ebazpena Gobernu espainolaren ordezkaritzara, Barne Ministeriora eta Espetxe Zaintzako epailearengana bidaltzeko tramiteak ez dituela egingo esan du.