A. MANTEROLA - M. PASTOR
BAIONA

Baldintzapeko askatasuna ukatu diote, laugarrengoz, Ion Kepa Parot presoari

Dei Auzitegiak fiskaltzaren helegitea ontzat eman ostean, Ion Kepa Parotek baldintzapean aske uzteko egindako laugarren eskaera behin betiko errefusatua geratu da. Beraz, espetxean 23 urte bete berri dituen lapurtarrak preso segituko du. Bere abokatuak erabaki «politikotzat» jo du, eta askatasun eskaera ukatzeko auzitegiak erabilitako argudioak «aitzakiak» direla esan du. Eskaera berri bat prestatu eta aztertzerako, gutxienez, beste bi urte beharko ditu Parotek.

Ion Kepa Paroten askatasuna galdeginez eginiko elkarretaratze baten artxiboko irudia. (Gaizka IROZ)
Ion Kepa Paroten askatasuna galdeginez eginiko elkarretaratze baten artxiboko irudia. (Gaizka IROZ)

Oraingoan ere ezezkoa eman diote Ion Kepa Parotek baldintzapean aske utz dezaten egindako eskaerari. Legez, 2005eko apiriletik neurri hori aplikatzeko irizpideak betetzen ditu, baina egindako eskaera guztiak atzera bota dizkiote.

Azken hau laugarrena zuen. Hasiera batean Zigor Aplikaziorako Auzitegi bereziak ontzat eman zuen Ion Kepa Parotek aurkeztutako dosierra, non, besteren artean, lanbide bat eta bizileku bat bazuela jasotzen zuen. Alta, fiskalak helegitea jarri zuen, joan den apirilaren 25ean aztertu zena.

Atzo, Dei Auzitegiak bere ebazpena jakinarazi zuen, fiskalari arrazoia emanez. Horrenbestez, espetxean hogeita hiru urte bete berriak dituen lapurtarrak preso segituko du.

Julien Brel bere abokatuaren iritziz, Dei Auzitegiaren erabakia «politikoa» izan da. «Askapena ukatzeko Madrilek euskal presoekiko daraman politika atzerakoiarekin lerrokatzen da jarrera hau eta erabilitako argudioak aitzakiak besterik ez dira», esan du. Epailearen argudio horien artean, Ion Kepak «bere ideiei ez diela uko egin, beste euskal presoekin eta euskal kutsuko inguruarekin harremanetan» segitzen duela, aipatu ditu.

Horrez gain, fiskalak izandako jokamoldea ere salatu du abokatuak. Izan ere, Ion Keparen anaia Unai Paroti Estatu espainiarrak aplikatu dion tratamendua «jarraitu beharreko eredutzat» jo baitzuen.

Bere arrebak ere horrelako argudioak erabiltzea «eskandalagarria» dela iritzi dio.

«Krudelkeria»

Erabaki horrek eragin dion «haserrea» azpimarratuta, Etxeratek Ion Kepari eta bere senideei «elkartasun osoa» adierazi die. Bere eta bere kasuan dauden gainerako presoak, hots, baldintzapeko askatasunean izateko eskubidea duten guztiak «berehala askatzeko» exijitu du.

Ildo beretik, Ipar Euskal Herriko Herrirak «larritasun handiz» hartu du deliberoa. Auzitegiak erakutsi duen «krudelkeria» nabarmendu ostean, erabili dituen «aitzakiak zaharkituak eta onartezinak» direlakoan dago, are eta gehiago, «gaur egungo bake prozesuaren baitan».

Hileko azken ostiraletan ohi bezala, gaur herrietan egingo diren elkarretaratzeak «antzeko egoerak berriro gerta ez daitezen eskatzeko» baliatzera dei egin du presoen eskubideen aldeko mugimenduak.