35/02 eta 26/11 sumarioetan auzipetutako hainbat lagunek agerraldia egin dute Donostian, bihar Bilbon egingo den nazio manifestaziorako deia egiteko. ‘Konponbidearen alde, eskubide guztiak, libre, epaiketa politikorik ez’ lelopean, 17.30ean abiatuko da martxa Jesusen Bihotza plazatik.
Maialen Elduak esan duenez, bi epaiketa hauetan auzipetuen jarduera eta militantzia politikoa epaitzen ari dra eta bi aste hauetan hori «nabarmen» geratu da, «bai askusazioetan eta auzipetuek eginiko adierazpenetan». Gazteen tortura testigantzak eta salaketak aipatu ditu bereziki. «Milaka eta milaka euskal herritarrek hamarkadetan zehar jasandako tortura eta tratu txarren gordintasuna sentitu ahal izan dugu gazte hauen ahotan», adierazi du.
Euken Villasantek, berriz, Auzitegiak atzo hartutako erabakia izan du hizpide, hain zuzen ere, poliziek deklaratzen duten bitartean gazteak aretoan ez egotea onartu izana. «Horrek erakusten du badakiela, ezagutzen duela, gutako 30 torturatu egin gaituztela». Horregatik, auziaren instrukzio guztia berehala bertan behera uzteko eskatu du.
«Hori da Euskal herritarren gehiengo zabalak desio duena, hori da jendarteak behar duena eta hori da gure herrian irekitako aro berriak eskatzen duena», nabarmendu du.
Karmelo Landak, azkenik, makroepaiketa horien izaera «biluzten» ari direla esan du eta ezker abertzalea eta Estatuaren arteko «lehia mugatua» ez dela gehitu du. «Hau Euskal Herriaren kontrako erasoa da. Gure bidez Euskal Herria epaitu eta zigortu nahi dute», salatu du.
Horren aurrean, «herri gisa» erantzuteko deia egin du eta Estatuaren blokeoa gainditzeko herritarren mobilizazioaren beharra nabarmendu du.
Ildo horretan, biharko manifestazioaren garrantzia azpimarratu du eta bertara joateko deia egin du, «pertsona libreak herri librean izan nahi dugulako».