NAIZ.INFO
BAIONA

Giza eskubideen urraketak salatu ditu Herrirak Baionan, René Cassinen etxe aurrean

Nazioarteko Giza Eskubideen eguna dela-eta, Herrira mugimenduak elkarretaratzea egin du Baionan, René Cassinen etxe aurrean, espetxeetan ematen diren eskubide urraketak salatzeko. Abenduaren 14an Lannemezaneko presondegi aurrean egingo den mobilizazioan parte hartzeko deia ere egin dute.

Renné Cassinen etxe aurrean egin dute elkarretaratzea. (Gaizka IROZ)
Renné Cassinen etxe aurrean egin dute elkarretaratzea. (Gaizka IROZ)

Giza Eskubideen nazioarteko adierazpenaren sortzaile nagusietako bat izan zen René Cassinen etxe atarian elkarretaratze sinbolikoa egin du Herrira Mugimenduak Baionan.

Urtean zehar eman diren hainbat giza eskubideren urraketak arbuiatu dituzte, bereziki Estatu frantseseko espetxeetan jazotakoak.

Miren Illareta abokatuak gaixo dauden presoen kasua aipatu du, bereziki Xabier Lopez Peña eta Oier Gomezena. Lopez Peña martxoaren 29an Pitié-Salpêtrière ospitalean hil zen eta Gomezi «analisiak egitea» debekatu zitzaion.

Bake Bideako Laurence Hardouin eta Giza Eskubideen Ligako Christophe Desprezek kolpeak eta tratamendu txarrak salatu dituzte.

Jon Irazolak, iheslari politikoen kolektiboaren izenean, aktibitateak eta ikasketak burutzeko eskubidea aldarrikatu du. Estatu frantses eta espainiar presondegietan ikasketak burutu nahi dituzten preso askok, «arazoak» dituztela azaldu du, «batez ere Euskal Herriko Unibertsitatean izena eman duten edo eman nahi dutenentzat».

Presoen senideen izenean, Juan Manuel Galarragak hainbat familiek bisitak egiteko dituzten trabak salatu ditu. Bisitak «intimitaterik gabe, konbertsazioak segitzeko zailtasun haundiekin diren arrabotsen ondorioz, zaindarien ondoan eta denen bistan» egiten direla salatu du ere.

Michel Bernadet Herrirako kideak Julen Mujikaren senideek urriaren 25ean ukan zuten auto istripua aipatu eta giza eskubideak «urratuak» daudela adierazi du. Udalbiltzak, Estatu frantses eta espainiarren «aldetik Euskal Herria nazio ukatua» dela gogorarazi nahi izan du. Bestalde, larunbatean «Presoen eskubideen defentsan denak Lannemezanera!» lemapean, presondegi horren aintzinean eginen den mobilizaziora deitu du Herrirak.

Ekintza honen bitartez Estatu frantsesak presoen aferan «erantzukizun osoa» duela eta «eskubideen urraitzailea dela» salatu nahi du Herrirak. Lannemezanera joateko autobusak antolatu dituzte Donibane Garazi, Baiona eta Donibane Lohizunetik.