NAIZ.INFO
DONOSTIA

Itziar Nogerasek ez du jarraituko Donostia 2016 proiektuaren zuzendaritzan

Itziar Nogerasek Donostia 2016 proiektuko zuzendari kargua behin betiko uztea erabaki du eta hala jakinarazi dio Juan Karlos Izagirre alkateari gaur goizean egin duten bileran. Egoera aztertzeko Patronatuaren bilkura deitu du ostiralerako.

Itziar Nogeras irribarretsu, bere lehen agerraldi publikoan. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Itziar Nogeras irribarretsu, bere lehen agerraldi publikoan. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Itziar Nogerasek atzo jarri zuen bere kargua 2016 Fundazioaren Patronatuaren esku eta 24 ordu eman zizkioten erabakia birpentsatzeko.

Gaur goizean Juan Karlos Izagirre alkatearekin elkartu eta kargua behin betiko uzteko erabakia jakinarazi dio, alkateak ohar batean azaldu duenez. Ondorioz, egoera aztertu eta «presaz hartu beharreko erabaki guztiak hartzeko, Patronatuaren ez ohiko bilera deitu du ostiralerako. Donostiako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Lakuako Gobernuak eta Kultura Ministerio espainolak osatzen dute Patronatua.

PSEk proposamena eraman du gaur goizean Udaleko bozeramaileen batzordera, Nogerasek Donostia 2016 proiektuaren zuzendari gisa jarrai ez dezan, eta Bilduk, EAJk eta PPk babestu egin dute.

Juan Karlos Izagirre alkateak goizean agerraldia egin du eta pertsonen gainetik proiektuak aurrera egingo duela esan du. Autokritika ere egin du eta proiektuaren komunikazioan, gardentasunean eta egonkortasunean ez dutela asmatu onartu du.