Herriz herri garatuz doa Gure Esku Dago dinamika eta gero eta gertuago dago ekainaren 8an ‘Gure esku bidea’ lelopean Durango eta Iruñea lotuko dituen giza katea. Eguna indartzeko asmoz spot berezi bat grabatzeare ekingo diola iragarri du erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamikak. Bost hiruburu nagusiak eta Bardeak izango ditu grabazio leku eta herritarren parte hartzea eskatu dute.
Iruñeko Labrit multimediarekin elkarlanean ari dira prestatzen promozio bideoa eta hilaren 26aren eta 30aren artean egingo dituzte grabaketak. Hiriburu lapurtarrean egingo dute lehena, Baiona ttipian eman dute zita (12.00etan) Kontseilu Orokorraren egoitzaren parean dagoen zelaian. Igandean, apirilaren 27an, Bilbon izango da grabaketa (11.00etan Guggenheim museoaren sarreran) eta hurrengo egunean Donostian (10.00etan Kursaal parean ekimenak duen egoitzan jarri dute zita).
Apirilaren 29 goizean Bardeetan egingo dituzte grabaketak eta arratsaldean Gasteizko Unibertsitate kanpusean. Azken grabaketa eguna Iruñerrian izango da, goizean hiriburuan bertan egingo dituzte grabaketak (ez dute lekua zehaztu oraindik) eta arratsalderako Berriozarren jarri diete herritarrei hitzordua.
Izena emateko epostaz eta Facebook bidez
Spota bera dinamika bezala parte hartzailea izatea nahi dutela iragarri dute eta leku bakoitzean 100 herritar inguru batu nahi dituztela. Parte hartzeko asmoa duen orok harremana@gureeskudago.net helbidera idatzi ahal du.
Twitterrez jakinarazi dutenaren arabera, Facebooken bidez ere izena eman ahal da:
Facebooken ibili ohi bazarete bertan izena eman ahal duzue #E8SPOTA-ren grabaketarako! Ederra izango da!! https://t.co/YKKCDkIuZD
— Gure Esku Dago (@GureEskuDago) April 22, 2014