Atzera kontaketa abiatu da. Bi aste eskas falta dira Durango eta Iruñea erabakitzeko eskubidearen alde elkartuko dituen giza katea osatzeko. Hori hala, ekimenaren inguruko xehetasun gehiago eman dituzte Gure Esku Dago dinamikako kideek Durangoko Landako gunean egin duten agerraldian.
Anjel Oiarbide eta Zelai Nikolasek hartu dute hitza, lehenak euskaraz. Ekainaren 8koa erabakitze eskubidearen aldeko ospakizun eguna izango dela adierazi du, oinarri jakin batekin, ordea: «Herri bat garelako, herritarren garaia delako eta erabakitzeko eskubidea daukagulako».
Zentzu horretan, datorren ekainaren 8an 10.00etarako bakoitza bere kilometroan egoteko deia luzatu du. Giza katea, aldiz, 12.00etatik 12.30etara izango dela zehaztu du. Dagokion tokira gerturatzeko autobusa edo garraio publikoaren aldeko apustua egiteko gomendioa ere eman du.
Ospakizun eguna izanik, jaialdiak izango dira giza katearen ostean bost herritan: Iruñean, Etxarrin, Lazkaon, Bergaran eta Durangon. Hala, giza kateko parte-hartzaileei jaialdi hauetara gerturatzeko deia luzatu die.
«Ekainaren 8ra arte zain egon gabe esan daiteke jada dinamika hau arrakastatsua dela, herrietan sentsibilitate politiko ezberdinetako jendea elkarrekin lanean jarri delako», aldarrikatu du Oiarbidek.