Mehatxu eta trabei aurre eginez, Ziburuko Kaskarotenea ikastolara joan dira gaur ere bertako 13 ikasleak.
Epailearen eta Ziburuko auzapezaren mehatsuen gainetik haurrak ikastolan dira. Atxik #Kaskarotenea !
— seaska.ikastolak (@seaskaikastola) September 9, 2014
Duela astebete, egun ikastolak okupatzen duen Marinela gunea uzteko agindua eman zuen, bestela eguneko 100 euroko isuna ordaindu beharko zutela ohartaraziz.
Horrez gain, Ziburuko auzapezak argindarra, ura eta hesiak kenduko zituela adierazi zuen.
Asteburuan auzapezak konponbide baten aurkitzen bazuten, egun edo aste gutxi batzutarako bazen, mehatxua ez lukeela beteko esan omen zuen. Ikastolako gurasoak eta Seaskak ikastolari konponbide bat emateko lanean segitzen dute, baina aterabide bat aurkitzekotan ere, ezin izanen litzateke berehala bete eta ikastolak Marinelan denbora batez egon beharko luke.
Hori dela-eta, elkartasunerako dei eginez, etor daitezkeen isunei aurre egiten laguntzeko eskaera egin zieten herritarrei.
Joan den ostiralean, Poulouren mehatxuaren berri eman zuelarik, Seaskak elkartasun kanpaina jarri zuen abian, eguneko 100 euroak ordaintzeko eta Poulouk bere mehatxua beteko balu ura erosteko eta argindar sorgailua alokatzeko. Dagoeneko lehen fruituak ematen hasi da kanpaina hori, 1.600 euro bildu baitituzte, hau da, bederen 16 egunetako isuna ordaindu eta bertan irauteko.
Aste bukaerari begira
Ziburuko Herriko Etxeak proposamenik egiten ez duela ikusita, beste irtenbide bat bilatzen saiatzen ari dira Seaska eta Kaskaroteneako gurasoak. Astearen bukaerarako erantzun bat izatea espero dute, Kazetak jakinarazi duenez.
Guy Poulourekin hitz eginda lortzen duten erantzunaren arabera mobilizazio bat deitzeko aukera aztertuko dute.