Ekainean ezagutzera eman zen erabakian, esklerosi anizkoitza duen Fernandez Iradiren zigorraren suspentsioa onartu zuen epaitegiak. Hortarako ezarritako baldintzek, baina, asko zailtzen zuten euskal presoaren askatasuna.
Lehen baldintza Estatu frantsesean egoteko debekua indargabetua izatea zen –beste epaitegi batengana jo beharko luke–, eta bigarrena, Pirinio Atlantikoetako departamendutik kanpo bizitzea. Baldintza horiek gogorregiak zirela iritzita, helegitea aurkeztu zuten bai defentsak baita prokuradoreak ere. Bihar aztertuko ditu Parisko epaitegiak bi helegiteok.
Bi edo hiru aste
Ebazpena bi edo hiru aste barru ezagutuko da eta egun horretarako elkartaratzea deitu du kolektiboak 18.30etan Baionako suprefekturaren aitzinean.
Ipar Euskal Herriko eragile politiko, sozial eta politiko ugarik osatzen duten Ni Ere Banoa kolektiboak aipatu baldintzak arbuiatu ditu bere agerraldian. «Erabaki bihurria da, esku batekin ematen duena bestearekin kentzen» baitu.
Biharko saioaren ondotik erantzun positiboa espero du aipatu plataformak, «eritasuna baldintza ahalik eta hoberenetan tratatu ahal izateko».
Aldi berean, ezezko ebazpena giza eskubideen kontrakoa eta euskal gizartearen nahien kontrakoa litzatekeela baieztatu dute.
Pariseko epaitegiak helegitea aztertuko du, eta «deliberoa politikoa» izanen dela baieztatu dute kolektiboko kideek. Hori dela eta, Estatu frantsesa eta espainiarra beste behin ere gatazkaren konponbidean engaiatzera deitu dituzte.