Manifestazioaren hasiera 16.00etarako finkatua bazegoen ere, ordu erdi baino gehiagoko atzerapenarekin abiatu da martxa Ziburuko plazatik, ‘Ikastolak ez hunki’ lelopean. Laida Mujika Kaskaroteneako lehendakaria, Paxkal Indo Seaskako presidentea eta Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakaria pankartaren buru zirela, ikastolako gurasoekin batera. Lelo nagusiaz gain, «Ziburun ere euskararen alde» eta «Ikastola, herri eskola» oihuak entzun dira ibilbidean zehar.
Manifestazioa hasi aurretik jendetza zegoen Ziburuko plazan. Ikastolaren egoera larria izaki, mobilizazioa giro alaian egin nahi izan dute eta ez dira falta izan txalapartariak eta joaldunak. Argindar sorgailu bat ere eraman dute, Kaskaroteneak argindarrik ez duela irudikatzeko.
Euskal Herri osotik joan da jendea Kaskaroteneari babesa adieraztera eta euskalgintzako, politikako eta sindikatuen alorreko aurpegi ezagun ugari ikus zitezkeen. Han ziren Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusia, Euskal Konfederazioko presidente Michel Oronos, Sylviane Alaux PSko diputatua, Josu Juaristi EH Bilduko legebiltzarkidea, Sortuko Maribi Ugarteburu eta Maite Ubiria, Eneko Aldana Ziburuko hautetsi abertzalea, Henri Duhaldeborde Ziburuko PSko hautetsia, Eñaut Aramendi eta Jon Irazola LABeko ordezkariak eta Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusia, beste askoren artean.
Martxak kostako bidea hartu du eta burua Zokoara iritsi denean azken manifestariak oraindik herrian zeuden.
Itsas bazterretik bi kilometroko ibilbidea egin dute manifestariek eta Piarres Larzabal kolegiora iritsi direnean ekitaldi nagusia izan da.. Laida Mujika Kaskaroteneako lehendakariak hitza hartu du eta jasotako sostengua eskertu du. Gatazkaren errepasoa egin du eta Ziburun ikastola bat izango dela ziur mintzatu da.
Paxkal Indo Seaskako lehendakariak, berriz, «euskararen argia» ez dutela geldituko nabarmendu du.