Auzitegi Nazionalak aske uzteko agindu ondoren, Alberto Plazaola 17.00ak aldera atera da Curtiseko espetxetik, eta Santiago Arrozpide, berriz, 19.15 pasata, Villenako kartzelatik.
Auzitegi Nazional espainoleko Zigor Aretoko Lehen Sekzioak Estatu frantsesean igaro zuten espetxealdia aintzat hartzea onartu zuen herenegun Arrozpide, Plazaola eta beste bi presoren kasuan –Pakito Mujika eta Rafael Caride– eta, horrenbestez, aske geratuko dira. Fiskaltzak Auzitegi Gorenera errekurritu du erabakia, baina horrek ez du eragotziko Arrozpide eta Plazaola aske geratzea.
Gobernu espainolak zigorrak metatzeko Europako zuzentarau bat bere legedian txertatu ondoren iritsi da preso hauen askatasuna. Kartzela frantsesetan igarotako denbora deskontatuta, Arrozpideri irteteko data berria 2013ko urtarrilaren 27an finkatu diote eta Plazaolari 2013ko abuztuaren 24an. Auzitegiak biak berehala askatzeko agindu du. Lehenak 27 urte daramatza preso eta bigarrenak, berriz, 24.
Zigor Aretoko Bigarren sekzioak aurkako deliberoa hartu zuen eta ez zuen onartu Iñaki Blbao Beaskoetxeari zigorrak metatzea.