NAIZ
DONOSTIA

UEMAko beste zazpi udalek helegiteak jaso dituzte aktak euskaraz bidaltzeagatik

UEMAk jakinarazi duenez, Beizama, Amezketa, Elgeta, Gaintza, Oiartzun, Oñati eta Usurbilgo udalak ere auzitara eramango ditu Carlos Urquijo Gobernu espainolak EAEn duen ordezkariak, aktak euskaraz bidaltzeagatik.

Carlos Urquijo, artxiboko irudi batean. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)
Carlos Urquijo, artxiboko irudi batean. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)

Carlos Urquijo Gobernu espainolaren ordezkariak helegiteak aurkeztu ditu Beizama, Amezketa, Elgeta, Gaintza, Oiartzun, Oñati eta Usurbilgo udalen aurka, aktak euskaraz bidaltzeagatik. Duela hilabate gauza bera egin zuen Aduna, Arama, Altzaga, Antzulola, Bergara eta Itsasondoko udalekin.

Horretaz gain, Zeraingo Udalak UEMAn sartzeko hartutako erabakiaren aurkako helegitea ere jarri du Urquijok, Berastegirekin egin zuen bezala.

Maren Belastegi UEMAko lehendakariak «oso larritzat» jo du helegiteen ondorioz udalek bizi duten egoera eta «euskararen ofizialtasuna bera zalantzan» jartzen ari dela salatu du. «Helegiteon bitartez, esaten ari zaizkigu euskarak, erdara ere erabili ezean, ez duela balio ofizialik Administrazio arteko harremanetarako. Eta kontua da, gaur egungo euskararen legea oinarri hartuta, ez daukagula epaitegiek arrazoia emango diguten ziurtasunik», adierazi du.

Euskararen aurkako «erasoaldia hartzen ari den ren tamaina benetan kezkagarria» da UEMAren iritziz. «Euskara sustatzeko hizkuntza politika eraginkorra egiten saiatzen gara UEMAtik. Eta horregatik, euskararen aurkako erasoaldi zabal honetan, ari da Urkijo UEMAren aurka ere».

Horren aurrean, beharrezko jo du euskara sustatzeko lanean ari diren eragile guztiek «bat eginda erantzutea». Belastegik nabarmendu duenez, «ez da nahikoa helegiteak jaso dituzten udalei babesa adieraztea. Helegiteak bata bestearen gainean pilatzen ari dira. Eta jada, esan dezakegu Urquijoren jardunak baldintzatu egiten duela euskararen sustapenean dihardugunon ahalegina», salatu du.

«Euskaldunon eskubideak bermatu eta euskaraz aritzea juridikoki babesteko moduak bilatu behar ditugu, ezinbestean. Baita horretarako, EAEko euskararen legea bera egokitu behar bada ere», aldarrikatu du.