NAIZ

Ainara Ladron eta Aritz Azkona Martuteneko espetxera bidali ditu epaileak

Larunbatean atxilotutako Aritz Azkona eta Ainara Ladron epailearen aurretik pasa dira gaur goizean, eta honek Martuteneko espetxera bidali ditu, asteazkenean Naroa Ariznabarretarekin egin bezala. Hiruak, Saioa Zerain eta Asier Alberdirekin batera daude auzipetuak. Martxoaren 18an epaituko dituzte.

Ainara Ladron Zarautzen atxilotu zuten agerraldi publiko bat eta gero. (Andoni CANELLADA / ARGAZKI PRESS)
Ainara Ladron Zarautzen atxilotu zuten agerraldi publiko bat eta gero. (Andoni CANELLADA / ARGAZKI PRESS)

Aritz Azkona eta Ainara Ladron Martutenen espetxeratu dituzte, epailearen aurretik igaro eta gero. Larunbatean izan ziren atxilotuak bi gazteak, eta aurreko asteazkenean Naroa Ariznabarreta ere atxilotu eta espetxeratu zuten.

Hirurak, Asier Alberdi eta Saioa Zerainekin batera daude auziperatuak, 2007an, Jarrai-Haika-Segi auziaren kontrako protesta batean, A8 autobidea moztea leporatuta. Ordutik, lau aldiz atzeratu da epaiketa, prozesua bederatzi urtetan luzatuz. Egoera honen aurrean, bostek «desobedientziaren aldeko hautua» egingo zutela iragarri zuten, eta Ariznabarreta, Ladron eta Azkona epaiketara agertuko ez zirela azaldu. 

Iragan astean, epaiketara agertu ez zirenean, epaileak atxilotze agindua eman zuen, eta Zerainek NAIZi azaldu zionez epailea haserre agertu zen. «Zer lortu nahi dute honekin? Espetxera joatea? Ba lortu egin dute», adierazi zuen epaileak.

Bi urte eta erdiko espetxe zigorra eskatzen du epaileak haietako bakoitzarentzat. Epaiketa martxoaren 18an izango da.